Kizkitza Gil de San Vicente
JO PUNTUA

Erabaki dugu

Izaera ezberdinetako erabaki eta mobilizazioak beharko dira desoreka honetan eragiteko. Aldaketa politikorako prozesua egituratzeko eta euskal agendaren lehentasuna bihurtzeko

Seme-alaben eta gurasoen arteko hizketaldiak argigarriak dira askotan. Umearen galdera zorrotza eta zehatza da, kezkaren muinari dagokiona. Gurasoek, berriz, erlatiboaren munduan korapilatzeko joera izaten dugu. Ume batek iheslaria ez banintz Gure Esku Dago ekimenean parte hartuko ote nuen galdetu zidan. Erantzuna erraza zen: nola ez! Umearen bigarren galdera konplexuagoa zen, errepresaliatu ezberdinok etxera noizbait bueltatu ahalko ote garen. Nahiaren eta aukeraren inguruko disertaziorako tentaldia izan nuen. Agian bai edo ahaleginetan gaude modukoak egia eta errealitatea jakin nahi duenarentzat hitz hutsak direla jakin arren. Erantzuna ematea zaila egin zitzaidan eta nire denbora hartu nuen.

Ziklo aldaketarako, aldaketa politikoa behartzeko, erabakia hartua dugu Euskal Herrian. Egungo marko politikoa gainditu eta euskal herritarron borondatearen errespetuan oinarrituko den marko demokratikoa eraikitzeko erabakia hartu dugu. Prozesu horretan, Euskal Herriaren bizitza politiko eta soziala demokratizatzea eta gatazka armatuaren ondorioen konponbidea ezinbestekoa da. 2009ko Altsasuko Adierazpenean, ezker abertzaleak aldaketa politikorako prozesuak bildu behar dituen osagaiak azaldu eta berau garatzeko duen borondateak alde bakarreko erabakiak hartzea ekarriko zuela agertu zuen. Ordutik, posizioa zehazteko eta aliantza berriak sortzeko erabakiak bata bestearen atzetik etorri dira. Egoera honetan, konponbide osoa erdietsiko duen prozesu honekin eta konfrontazio armatuaren bukaerarekin ETA erakundeak hartutako konpromisoak, alegia erabakiak, nabarmendu behar dira.

Ezker abertzaleak hartu dituen erabaki hauek guztiak aldaketarako prozesuaren sinesgarritasuna indartzeaz gain, beste eragile batzuen posizioa behartu eta nazioarteko komunitatearen inplikazioa ekarri dute. Urrats eta adierazpen kualitatiboak egin dira urte hauetan. Nazioarteko ekarpena baliatzea xede duen arkitektura politiko berritzaile baten eraikuntza ikusi dugu, horren adibide Aieteko Nazioarteko Konferentzia eta adierazpena izanik. Konponbide demokratikoarekiko euskal eragileen konpromisoa lotzeko guneak sortu dira, hauen artean, Gernikako Akordioa edo Bake Bidea.

Azken urteetan ezker abertzaleak bere posizio estrategikoa indartu du, inoizko babes politiko elektoral handiena lortuz eta independentismoa zentro politikoan kokatuz. Alta, urte hauetan aldaketa politiko eta demokratikorako eremu ezberdinetatik egindako deiek erantzun desorekatua izan dute. Alde batetik, Aieten eta Gernikan bildutako eragileak, non prozesu oso eta demokratikoarekiko konpromisoa ahuldu den. Bestetik, euskal jendartea, non aldaketaren aukera eta beharra indartzen ari den. Izaera ezberdinetako erabaki eta mobilizazioak beharko dira desoreka honetan eragiteko. Aldaketa politikorako prozesua egituratzeko eta euskal agendaren lehentasuna bihurtzeko.

Puntu honetan nengoela, umeak galdera berretsi zuen. Erantzun bakarra eman nezaken, bihotzetik eta konbikzio osoz. Bai, laztana, bai nire seme kuttuna, zure aita eta zure ama etxeratuko dira, etxeratzeko erabakia irmoki hartua baitugu.