IKUSMIRA
IKUSMIRA

Kutxaren Gizarte Ekintza, gero eta okerrago

Kutxabank esku pribatuetan uzteko prozesua kezkagarria da berez, hiru euskal herrialdetako herritarren ondarea desagertzeko bidean jarri duelako, eta horrekin batera haien aldeko gizarte ekintza. Baina kezkagarria da, halaber, prozesu horren arduradunen jarrera, pribatizazioa ukatu, erlatibizatu edo beste biderik ez dutela esan izan baitute, legeak behartuta dihardutela ziurtatuta. Eurek sostengatutako legeak. Gizarte ekintza desagerrarazteko joera, ordea, ez da berria, are gutxiago «legeak behartua». Kutxaren Gizarte Ekintzaren beheranzko bilakaera areagotu egin da joan den urtean. Izan ere, 2013rako bi aurreikuspen mota egin zituzten, bata «baikorra», 28 milioi euroko aurrekontua zuena, eta bestea «ezkorra», 18,5 milioikoa zuena; eta egiazko aurrekontua ez zen baikorra... ezta ezkorra ere izan, are okerragoa baizik, 7,4 milioi eurokoa izan baitzen. Bilakaera hori ez da harritzekoa Kutxaren kudeaketa ikusita. Kutxabanki eskatutako kreditu bat aurreikusitako epean ez ordaintzeagatik Egiako Onkologikoa hipotekatu zuen eta bere ondare historikoaren %80 galtzeko prest dago. Dirudienez, Kutxaren Gizarte Ekintzarako aurtengo aurrekontua 17 milioikoa da, baina hari zer garrantzi ematen dioten eta gipuzkoar guztien ezinbesteko finantza tresna norantz daramaten ikusita, ez da ezer onik espero izateko modukoa.