Onintza Enbeita
Udate

SUA

Astelehenean hasiko da ofizialki uda Euskal Herrian. Eskolan ekainaren 21az hitz egiten ziguten, baina nire uda San Joan sua pizten denean hasten da. Solstizioaz hitz egin genezake, baina guk ateook ez dakigu oso ondo ateotasuna eguneroko bizitzan nola txertatu, eta oraindik ere, herrietako jaiek patroiak eta patronesak dituzte.

Astelehen gauean konturatuko naiz, berriz ere, berandu dela bikini operazioa hasteko. Sua piztu eta goitik behera errepasatuko dut neure burua, eta aurten ere pentsatuko dut: «ojala iazko arropak sartzen baditut». Eta badakit, agian ez ditudalako sartuko, baina berdin dio: jadanik uda da eta hondartzan gizartean baino askoz neurri gehiagotako bikiniak kabitzen dira. Baina berokiak kentzerakoan, estereotipoek gugan duten eragina areagotu egiten da, zoritxarrez.

Ikasle ginela apunteak erretzen genituen San Joan bezperan, eta gero, denborarekin, suak indarra galdu zuen guregan, edo nik zer dakit! Kontua da behin adin batetik aurrera jendeak ez dituela gauzak erretzen. Eta etapa berriak hasteko aurrekoak erre egin behar dira. Horregatik erre nahi dut bikini operazioari halako garrantzia ematera eraman nauen neurona estetiko zikin hori.

Eta ez naiz ahaztuko herriko jaien kontra halako grinarekin ari direnen ideia txarrak erretzeaz. Badira txosnek zergarik ez dutelako kexatzen diren tabernariak, eta badira bi gauetako zaratak bizitza urteak lapurtzen dizkien bizilagunak. Ei, lasaitu, uda da, eta jaiak ez dira urte osorako. Pasatu egiten dira, zoritxarrez. Jendea eguneroko bizimodura itzultzen da, eta gaupaseroak desagertu egiten dira espaloietatik, inork bidali gabe, euren kabuz. Ez energiarik alferrik galdu.

Eta erreko nituzke goizaldeko 04.00etan ondora etorri eta azterketa politiko sakonak egiten dituztenak: ez, ez, orain ez, mesedez. Ez dugu iraultzaren pisua beti gure gain zertan eraman. Parrandan gaude. Lasai. Amaituko da uda, amaituko dira jaiak, eta borrokak jarraituko du, zoritxarrez. Baina goza dezagun apur batean. Nola zioen kantuak? Bizitzak emandako plazer txiki hauengatik ez balitz...

Eta erretzen ez baditut ere, sutara botatzearekin mehatxatuko ditut, taberna eskinan etorri eta lehenengo-lehenengo, ezer baino lehen, adina galdetzen dutenak. Edo okerragoa dena: etorri eta segidan, «zu ez al zara hemen egoteko zaharregia?» galdetzen dutenak. Aizue, tabernetan dagoen kartel bakarra da 18 urtez azpikoak ez daitezela sartu, hortik gora ez dago adin mugarik, beraz utzi bakean. Urteak denoi pasatzen zaizkigu, zoritxarrez (edo zorionez, ez pasatzea okerragoa baita).

Eta botako ditut sutara edonori, edonon, neska delako ipurdia ukitzeko eskubidea dutela uste duten esku guztiak. Badakit batzuk gose direla; badakit ipurdi ederrak eta politak dituztela neska askok, baina ez dira zuentzat, zorionez. Eta hala ere, badakit, badirela bortxaketa ahaleginik gabe amaituko ez diren jaiak, zoritxarrez.

Eta guztiak erretzen ditudanean uda hasiko zait: txosnak, auzo txikiak, berbenak, bertso saioak, herri kirolak, izerdia, dantza eta parranda. Eta berriro ere hotzak akabatu arte, jendea lasaiago eta alaiago jesarriko da terrazetan, eta beste umore batekin aurre egingo dio bizitzari.

Eta irailean berriz ere pentsatuko dut, ez dudala ulertzen jendea zergatik ez den bizi udako txiparekin urte osoan. Bitartean, egutegiak eta tenperaturek udan gaudela esango digute, eta suak eraman ez duena hego haizeak eramango du udazkenean.