IKUSMIRA
IKUSMIRA

Baztertu nahi dituzten biktimei, babes osoa

Zenbait biktima elkartek gogor salatu zuten atzo 1960 eta 1978 artean Estatuaren indarkeriak eragindako biktimak laguntzeko dekretuaren erreformaren aurkako helegitea. Izan ere, helegite hori aurkeztea jokaera onartezina da, berez bidegabea izateaz gainera, zenbait biktimaren sufrimendua areagotzen duelako. Izan ere, lehenengo eta bigarren mailako biktimak izatea bazterkeria ikaragarria eta irain hutsa da. Bestetik, PPk sufrimenduaren erabilera politikoa egiten duela agerian uzten du jarrera horrek, biktima batzuk hainbat eskubide eta askatasun urraketa justifikatzeko baliatu eta beste batzuei, berriz, biktima izaera bera ukatu, edo bigarren mailakoak balira bezala baztertzen baititu. Nekez ulertzen da Gobernu baten ustez heriotza batzuk beste batzuk baino deitoragarriagoak izatea. Biktima horiek ez onartzea, ordea, Estatuaren krimenak ez onartzea da, aspaldiko Barne ministro ilun batek esan zuen bezala Estatuaren indar armatuek inoiz ez dutela krimenik egiten sinetsarazi nahi izatea.

Gasteizko Parlamentuak irmoki salatu beharko luke jarrera hori eta baztertu nahi dituzten biktimei bere babes osoa eskaini. Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernandok atzo esan zuen bezala, biktima horiek -beraiek eta gizarte osoak aurrerapausoak eskatzen dituztenean-, ez dezatela atzerapauso bat ikus.