Joxemari Carrere
Ipuin kontalaria
Udate

Bertsotan ipuinen lurraldean

Urtero bezala, Guadalajaran (Espainia) agertu ginen, orain dela 23 urtetik antolatzen den Ipuin Maratoira. Hiru egunetan, espazio ezberdinetan, kontalari profesionalak eta zaleak ikusi genituen, batzuk ipuin bakarra kontatuz Infantadoko Jauregiko agertoki nagusian; beste batzuk euren ikuskariak aurkezten bestelako espazioetan. Hitzaldiak eta kaleko ikuskariak; topaketak; berriketaldiak; lagunen agurtzeak, berrien ezagutzeak... Guadalajarako Ipuin Maratoia kontalaritzaren topagunea da, Europan egiten direnetan ezinbesteko erreferentzia. Kontalaritzaren festa da.

Aurtengo edizioan euskal ahozkotasunak protagonismo ederra izan du, «Bertsolari» dokumentala aurkeztu baitute. Miren Amuriza bertsolariak egin zuen aurkezpen lana. Unerik ederrena, ordea, gauean iritsi zen, jauregiko patioan, mila pertsonatik gora zegoen lekuan, bertsotan hastean. Kontalarien artean bertsolari. Erabat ezezaguna zuten jardun baten zuzeneko emanaldi txikiak ustekabeko lilura sortu zuen. Txapelketen antzera hiru proba jarri genizkion Mireni. Agurraren ostean, Virginia Imazek kontatutako ipuintxo bati bertsoa jarri zion; ondoren jendeari eskatutako gai batzuen artean hiru aukeratu eta bertso bana bota; eta azkenik, Carlos Perez Aladros, Errioxako kontalari-koplariarekin aurrez aurre jarrita, gaueko unerik ederrena iritsi zen. Mirenen bertsoak gaztelerara itzultzerakoan hamaika detaile galdu arren, ikusleek ikusi ahal izan zuten eta batez ere gozatu bertso saioarekin.

Ipuinak eta bertsoak, bi mundu eta mundu bera; ahozkotasunaren kreatibitatearen eta indarraren erakusle. Esatearen lurralde miragarria.