IKUSMIRA

Juan Carlos Borboikoaren presakako aforamendua

Presa handia zuten eta presa handiz prestatu eta onartu zuten, atzo, Madrilgo Kongresuan Juan Carlos Borboikoaren aforamendua zabaltzeko legegintza-erreforma. Bi aste baino lehen Senatuak bozkatuko du lege proiektua, uda honetan bertan indarrean egon dadin. Zer dela-eta presa hori? Zer dela-eta auzitegiren bat forudun berriaren aurkako auziren bat bideratzen ari baldin bada auzia bertan behera utzi eta Auzitegi Gorenera bidaltzeko aldi baterako xedapena? Familia horretako zenbait kideren auzipetzearekin zerikusia ote du? Beste pasarte ilunen batekin? Ezin jakin, baina susmorik ez da falta. Ez badu zertan izan Justiziaren beldur, errege emerituak epe laburrean delituren bat egiteko asmoa izateak baino ez luke presa hori -eta aforamendua bera- justifikatuko. Gai horrek txantxetarako bide ematen du, baina gizarte baten demokrazia eta justizia mailaren berri ematen duen erakusgarria ere bada. Aforamendua, monarkia bera bezala, bakan batzuen pribilegioa oinarri duen antolamendu zaharkitu eta arrazionaltasunaren aurkakoa da. Atzo Estatu espainoleko alderdi nagusietako hainbat diputatuk erakutsi zuten arrazionaltasun falta berbera duena. Kongresuari «demokraziaren tenplua» esaten dioten berek errespetu gutxi erakutsi zioten tenplu horri; Amaiurko diputatu Onintza Enbeitari, berriz, batere ez. Jokaera horrek erretratu zehatza egin zien.