IKUSMIRA
IKUSMIRA

Gipuzkoako zerga politikaren emaitza: gizarte osoaren tresna eraginkor eta bidezkoagoa

Gipuzkoako ekoknomiaren gainbehera ekarriko omen zuen Aberastasunaren eta Fortuna handien gaineko Zergaren lehen kanpainaren datuek aurreikuspenak gainditu dituzte. Aurrekuspenik baikorrenak. Gogorarazi beharra dago haren aurka agertu ziren alderdien iragarpenak, lurraldeko «ehun ekonomikoari kolpe hilgarritzat» jota. Ondoren, patronalak enpresen eta enpleguaren aurkako erasoa zela esan zuen eta, ildo beretik, Arantza Tapia Lakuako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak ohartarazi zuen zerga hori dela-eta enpresariek Gipuzkoatik alde egiten ari zirela. Atzo Gipuzkoako Ogasun diputatu Helena Francok eta Martin Garitano ahaldun nagusiak jakinarazi zituzten datuen arabera, ordea, ez da inor joan eta Aldundiak 57 milioi euro bildu zituen iaz, espero zuen baino 11 gehiago. Horrelako datuak onuragarriak dira gipuzkoar guztientzat, zerga sistema progresibo eta bidezkoa gizarte osoaren tresna baita. Hori ezartzeko bidean, iruzurrari aurre egiteko neurriak ere abiatu zituen Gipuzkoako Aldundiak, eta bistan dira haien emaitza onak. Zerga politika bidezkoago eta eraginkorragoa posible da, eta Gipuzkoa horren erakusgarri da.