Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Taupada ekaitz arrisku handia Iruñean

Hodeirik gabe ere, eguzkia nagusitu arren, taupaden ekaitz arriskuak gora egingo du bihartik aurrera Iruñean, zorionez. Baina ekaitz horietatik ez da ihes egin behar, bizitza komunaren osasunaren adierazleak baitira

Euskal Udara hipotesia besterik ez dela diote batzuek eta arrazoiak izan, badituzte, aurten behintzat. Xirimiria iraganeko oroitzapena bilakatu nahian edo, euria alimaleko ekaitzen bidez iristen zaigu. Eguraldia aldatu ala ez, berriz, taupaden ekaitza bermatuta dago uztailaren 6tik aurrera Iruñean..

Gainean ditugu Iruñeko Bestak. Gauza asko gertatzen dira gure hiriburuan Sanferminetan, besteak beste parrandak, musika eta kantu saioak, mota guztietako otorduak, gisa guztietako edanaldiak, mundua ulertzeko eredu ezberdinen arteko talkak, kultura gatazkak, lehia politikoak, maitasun istorioak, istiluak, erasoak.. Zerrendak ez du bukaerarik, nork bere besta egin nahi baitu, harremanak elkarkorapilatzen direlarik. Korapilo hauen artean, elkartasunak badu bere lekua eta errepresioaren ondorioz falta direnak oroitzeko aukerak ugaltzen dira, oztopo eta erasoen gainetik.

Errepresioak aspaldidanik izan du bere lekua Sanferminetan, tamalez. Nola ahantzi 1978ko uztailaren 8a eta ondotik gertatutakoa? Odolaz ito nahi izan zuten jendearen itxaropena, Francoren heriotzaren ondorioen artean benetako demokraziarik ez zegoela argitzeko. Ordutik, urtero oroitzen ditugu frankismoa eta posfrankismoaren krimenak, eta haserratzen gara erregimenaren kudeatzaileek jartzen dizkiguten oztopoengatik. Aurten ere gertatuko da, hauxe izanen baita joera, aldaketa sakonak gauzatzeko gai ez garen bitartean.

Arrantzale bizardunek beste ustekabekorik eskainiko diguten ez dakigularik, nabarmena da kolore guzietako poliziek izugarrizko neurriak hartuko dituztela ikurriña eta bestelako ikurrak ezkutatzeko. Antzekoa gertatuko da beste hainbeste aldarrikapen sozial eta politikorekin, ziur aski. Alferrik, ordea, ezinezkoa baita herri baten taupada isiltzea.

Besta giroan ere, eguneroko kezkak, nahiak, zapuzketak, haserreak, ilusioak, helburuak eta asmoak isurtzen dira. Herri bat sobera handia da kate estuetan ixteko. Eta gurea herri bizi, haserre eta ilusionatua da. Aro berria ireki nahi du gure jendarteak eta gero eta gehiago gara eliteen itxikeriaz nazkatutakoak. Navarra foral y españolaren zaindariek helburu nabarmena dute, egungo estatusaren luzapena. Argitu digute noraino iristeko prest dauden eta ikasi dugu, beraz, ezin zaiela inolako esparrurik oparitu, are gutxiago bestarena.

Horregatik, aldaketa gogoak lehertuko dira hurrengo egunetan Iruñean hamaika eratan. Eta errepresio politikoa pairatzen duten guztiak gogoan izanen ditugu milaka herritarrok. Elkartasuna beti izan baita bestaren osagarrietarik bat. Bere seme alabak ahazten dituen herria galdurik dago eta guk ederki dakigu nondik gatozen eta nora joan nahi dugun: ez dugu bidean galtzeko inolako asmorik. Horregatik beraiek ere, fisikoki ez bada ere, bertan egonen dira, gure artean, gure gogoan, gure kantu eta dantzetan, gure pozean eta tristuran.

Bai, argi dago, hodeirik gabe ere, eguzkia nagusitu arren, taupaden ekaitz arriskuak gora egingo du bihartik aurrera Iruñean, zorionez. Baina ekaitz horietatik ez da ihes egin behar, bizitza komunaren osasunaren adierazleak baitira. Buzti gaitezen, bada! Besta onak pasa!