Floren Aoiz
www.elomendia.com
JO PUNTUA

Sionismo kriminalaren lagunen zurikeria

Naziak Varsoviako Getoan sartzen ari dira», zioen lehengoan txio batek. Bete-betean jotzen zuen oroimen kolektiboan ezarritako irudi argigarrian: antzeko zerbait egiten ari dira sionistak, berriz ere, Gazan. Beste txio batek zirrara zuzenagoa zekarren, gure seme-alaben lo lasaia eta Palestinako haurren oinazea elkarren ondoan jarriz. Halako hamaika entzun, ikus eta irakur daitezke egunotan munduan zehar zabaldutako haserre giroan. Bete-betean jotzen dute eta jotzen dugu kritika zorrotzetan, nonbait, baina sarraskiak aurrera jarraitzen du eta sionistak harro daude, indar militarra eta munduan agintzen dutenen babesa dutelako.

Nazismoaren aipamenak ugaltzen dira halakoetan, erraz atzematen ahal diren arrazoiak direla-eta. Finean, Israeleko estatu terroristaren zilegitasun bide nagusia nazien sarraskien oroimena da. Palestinarrek ez dute naziekin deus ikustekorik, Israelek izugarrizko harreman estu eta onak ditu Alemaniarekin eta batzuk kenduta, eskuin muturra, Ameriketako Estatu Batuetako ultrakristauak barne, sionisten aldekoak dira. Zer esanik ez dirua eta arma ekoizle eta saltzaileei dagokienez! Horiek pozik daude aspaldi sionistekin, negozioa luzerako bermatzen baitiete.

Baina sionisten propagandak antisemitismoa aipatzen du, biktimatzat agertzeko. Holokaustoren Negozioa deitu zion horri sarraskien biktima izandakoen on- dorengo Norman Finkelsteinek.

Gazan egiten ari direnak justifikatzeko bidea denon bistan dago: sionistak biktimak dira, betirako izanen ere, eta, beraz, beren burua defendatzeko eskubidea dute. Argudio sinple eta zital hauekin edozein astakeria ematen dute ontzat. Baina, gezurra badirudi ere, ez ei dira ezeroso sentitzen.

Guk ederki ezagutu dugu indarkeriaren inguruko zurikeria. ETAk jarri ditu lehertu ez diren bonbak haurtzaindegi batetik hainbat kilometrora eta iskanbila erraldoia antolatu dute Gazaren irudien aurrean isilik edo sionistak babesten agertzen zaizkigunak. Behin eraso deitu zioten etxeko atarian errotuladorez egindako idazkitxo bati! Hura bai sentsibilitatea! Hura bai tolerantzia zero! Orain, berriz, Ukrainan bezala, zurikeria biluzten da eta armak eskuetan eta odol isurketa txalotzen agertzen dira «gure» bakezale asko.

Izugarria da Gazakoa. Eta onartezina, jendearen aurrean biolentoen aurkako demokrata gisa agertu nahi duten horiek krimen sionistak justifikatzea.