Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Enigmatikoa, kaotikoa

Frantses estatuan gertatzen denaren ulertzea gero eta zailagoa da, politika enigmatikoa daramate. Izan ere, gertakari handiak begiratzen hasten bagara Palestinako gerlak bihurgune ikaragarria hartu du eta zenbait herritan protesta naturalak hasi dira. Protesta horiek Hollande presidenteak izan duen lehen urratsarekin kontraesan zuzenean sartu dira. Hollanderen lehen ekintza Israeleko lehen ministroari deitzea izan baita, haren erasoa babestuz? Ezin ulertua zen palestinarren hilketak eta heriotzak ikusiz. Geroztik erasoa ez da gelditu, dozenaka hil izan dira eta protesta areagotzen ari dira xoko guztietan. Gobernuaren erantzuna manifestaldien debekatzea izan da. Europa guztian egiten ez dena frantses estatuan egiten da!

Uztailaren hastapenean hirugarren konferentzia soziala antolatu zuten, sindikatuen bitartez, langile eta nagusien arteko elkarrizketa bultzatzeko. Bigarren egunean langileen sindikatu nagusi bi ez ziren itzuli. Lehen aldia da horrelakorik gertatzen dena. Militanteen haserrea sobera handia zen lehen ministroaren adierazpenen ondotik, alegia lan kodea arindu nahi zuela eta lan nekeen inguruko neurriak berantago aztertzeko utziko zuela. Hots, bi gai oso minberak plazaratzen zirenak inongo elkarrizketarik gabe. Lehen ministro bikaina, Valls!

Lurralde antolaketa, azken urteetako soka saltorako gaia! Azken berrietan, Akitania Limousin eta Poitou-Charentesekin lotzen omen dela. Hau ideia! Inoiz historia komunik izan ez duten lurraldeak batzea, zuzenean Pariseko bulego zentralistan asmatua. Nori helduko zitzaion ba horrelako gogoeta? Hautetsi sozialistek nahiko lan izanen dute lurralde erreforma hau esplikatzen!

Lan kaotikoa ematen du, alta bere logika izanen du. Herritarrok ikusten, ulertzen ez dugun logika bat. Gobernu bat herritarrak entzuten ez dituena, edozein gairen aurrean boz-emaileen iritziaz paso egiten duena. Hitz bortitza erabiliz, erregimen autoritario hutsa ematen du. Errepresio bide guztiak ez ditu oraindik erabili baina politika eramateko manera oso zirkulu hertsikoa da, herritarrekin inongo loturarik atxiki gabe.

Euskaldunen kontrako politikan aldiz, ez dago aldaketarik. Jokin Aranalde Espainiaratu dute. Lluis Companys katalana La Santetik igorri zuten frankisten eskuetara, Bartzelonan tiroz fusilatu zuten. Frantziak barkamenik eskatu al du? Frantziak barkamenik eskatuko al du heriotzara kondenatzen dituen palestinarrentzat? Alderdi sozialistak kartutxo guztiak erre ditu. Esperantzarik ez dago berarekin.