Kizkitza Gil de San Vicente
JO PUNTUA

ETAren ekimena

ETAren azken agiriaren oihartzunak hausnarketa eskatzen du. ETAk prozesu politikoa bultzatzeko eta horretara egokitzeko egiten ari den barne aldaketak ekimen politiko bihurtzea erabaki du. Ekimenez ekimen, agertoki berriak sortzeko duen konpromiso historikoari eusten dio horrela.

Barne mailan kudeatu zitezkeen urratsen azalpen publikoak bere onurak eta arriskuak ditu. ETAk eragiten jarraitzen du, eta honek prozesu politikoari sinesgarritasuna ematen dio, gaur-gaurkoz ez baitago konponbide osorako euskal agenda adosturik, ezta berau bukaeraraino eramateko akordio orokorrik ere. Aitzitik, prozesuaren erritmoaren urrats nagusiak orain arte ETAk eman dituenak dira; hartara, konponbidea desitxuratu nahi dutenen logika elika daiteke, armagabetzearekin lotuz konponbide politikoa. Ekarpen gutxi egiten duen espektatiba artifizialki indartuz gainera: ETAren desagerpenarena. Urgente sendotu behar den prozesua eta itxaropena euskal eragileen arteko elkarrizketa eta akordioa ahalbidetu behar duena denean. Tartean, konponbide eta burujabetza prozesua zuzentzeko ardura handia duten eragile abertzale nagusiak: EAJ eta ELA, ezberdin bada ere, distortsio honetaz baliatzen dira kontsentsu ausartak ez bultzatzeko.

Bestetik, kronika mediatiko ofizialek ETAren irakurketa politikoa eztabaida publikotik kanpo utzi nahi dute. Agirian, adibidez, konponbide osoaren garrantzia azpimarratzeaz gain, horretarako bide orriak bildu ahalko zituen osagaiak proposatzen ziren. Inork ez ditu publikoki baloratu. Alta, zeregin politiko eta bake prozesua sustatzeko egiturak indartzeko hartu duen erabakiaz luze hitz egin da; injerentzia gisa beharrezkoa ez den eragile politiko bihurtzeko duen asmoaren adibide ei da batzuentzat. Eginkizun militarrean aritu diren pertsonak eta borondateak ekarpen eta konfrontazio politikoaren esparrura gehitzea zuhurtziaz hartzea arduragabekeria handia da.

Euskal Herria, mugimendu independentista eta ezker abertzalea bera trantsizio prozesu bat bizitzen ari dira. Horrelako erabakiekin, ETAk berea modu dinamiko batean kudeatzen ari dela erakusten du, gure herriak behar duen agertoki aldaketa ahalbidetzeko bere izana justifikatu duen borroka-ondarea alboratzeraino. Gainerako abertzaleok maila berean egongo gara? Dugun botere politiko-instituzionala, eragin gaitasun sindikal edo kulturala prozesu politikoaren mesedean jartzeko indarra izango dugu? Dimentsio bereko erabakia da ETA kudeatzen ari dena.