Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Heldutasunaren alde

Gazte izanik ia bekatua balirudike ere, heldutasunari apologia egitera natorkizue gaurkoan. Are gehiago, Ernairen oinarri ideologikoetan zaharra eta berriaren arteko kontraesan horren zeraz gaztetasunaren apologia sutsua egiten baita. Baina ez bezate hartu kideek hau traizio gisa, ziklo hori amaitu dudala-eta.

Heldutasuna balio garrantzitsutzat baitut, ez nahastu mesedez heldutasun paternalista karkarekin, mesedez. Duela justu bi asteko «Berria»-ren alean, Danele Sarriugartek (gaztea hura ere) aipatzen zuen, kaleratu berri duen lehen eleberria dela-eta, jende askok jo ohi duela berarengana harrituta, istorioari eta kontatzeko erari darion heldutasun usainagatik. Bestelako konklusioa ateratzen du, ordea, Sarriugartek: ez ote gabiltzan gure jendarte honetan heldutasunerako aroa atzeratzen edo, bestela esanda, bera bezalakoak bere adinerako oso helduak izan beharrean, «ez ote gabiltzan denok hogeitakadunen belaunaldia eternalki umetzen».

Aurreko belaunaldi batzuetako gazteekin alderatuz behintzat hala lirudike. Seguruenik bizitzako zirkunstantzien alaba da hainbestetan aipatu izan dugun infantilizazioa. Edo ez? Ez. Kasualitatetik ezer gutxi dago hemen. Infantilizazioa eta menpekotasuna eskutik baitoaz. Ikasketa aldiak luzatzeak eragin nabarmena izan du, noski, infantilizazio prozesu honetan (ironikoa benetan). Inpresio hori dut. Eta krisi aurreko hazkundeak eta bizi mailaren hobetzeak ere izango zuen zerikusirik. Izan ere, sarri entzun ohi dugu gazteon langabezia dela-eta, inoizko belaunaldi prestatuena garela. Eta ados, akademikoki goi mailako ikasketak dituen gazte kopurua kontuan izanda. Baina, era berean, eguneroko beharrizan edo eginbehar txikienari ere aurre egiteko belaunaldirik inutilena garela ere esango nuke.

Beste batzuen menera bizitzeko hezi gaitu hezkuntza sistemak. Jakinekoa da pertsonok izaki interdependienteak garela eta hori ona da, bestela lehiakortasunak usteldutako herio zulo batean biziko ginatekeelako. Baina botere harremanak nagusi diren jendarte honetan, beste batzuen meneko bizitzeak badakigu zer esan nahi duen. Eternalki belaunak urratuta izatea, lurra latza da-eta.

Gazteriaren prekarizazioa etengabe atzeratzen ari da emantzipazio aldia, eta helduekiko (gurasoekiko, irakasleekiko, nagusiarekiko...) menpekotasun egoera luzatu egiten da, eternalki umetuz. Eta jakin nahi nuke nork duen gazteon infantilizazioa eta menpekotasun egoera hau luzatzeko horrenbesteko interesa... #ironicmodeon.