Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Gerla epai honen aurrean, tinkotasuna

Oporretan hartu nau 35/02 auziaren epaiak. Urduri nengoen, etorkizuna -beste lagun askorena bezala- kolokan, baina eskarmentuak dakarren lasaitasunean. Kontraesankorra dirudien arren, urduritasuna uztartzen ahal da lasaitasunean, erraza ez bada ere.

Euskal Herrian milaka eta milaka lagun bizi gara eta bizi izan gara Damoclesen ezpataren azpian. Horregatik, hain zuzen, ezpata han jartzen duenak jakin beharko luke dagoeneko alferrikako lana hartu duela, ez baitu gure herriaren borroka indargabetzea lortu, ezta lortuko ere. Kalte egin, egin eta egiten du, jakina, ezpata goian egonda milaka bizitza mehatxupean mantentzen dituelako. Bestalde, ezpata ez dago beti goian: jaitsi egiten da eta kolpe latzak ematen ditu aunitzetan. Baina kolpeak kolpe, mehatxuak mehatxu, errepresioak porrot egin du, gaur egun ezker independentista inoiz baino eraginkorragoa delako, gure herriarendako askatasunaren atea ireki duelarik.

Hainbat lagun zigortu eta epaitutako «herriko» eta kultur elkarteak eramatea, espainiar Estatuaren mendeku gisa. Hauxe da epaiaren funtsa. Epai politikoa da, jakina. Idatzi duen gizona oso fatxa eta erasokorra da, baina trakets samarra ere bai. Bizkor ibiliz gero, ez zatekeen luze ariko epaiketa politikoa ez dela aldarrikatu nahian. Epaiketaren bukaeran auzipetuon izenean hitz egiteko ohorea izan nuen. Epaiak, ni aipatzen banau ere, ez dit niri erantzuten, denoi baizik. Eta argigarria da, oso argigarria, strip-tease politikoa egiten baitu epaiaren egileak, epaiketa lo eman zuen beste epailearen sinaduraz.

Epaiketa hasi bezain laster konturatu ginen. Keinuek ia lehen egunetik adierazten zuten emakumeak bozka partikularra eginen zuela lehendakaria prestatzen ari zen astakeria salatzeko. Bigarren gizonak sinatzeagatik kobratzen zuela goiz atzeman genuen, halaber. Laburbilduta: antzerki hutsa izan zen. Fiskalak eta akusazioek epaiketa galdu zuten, agerian geldituz, baina berdin zen, epaia aurretik erabakita zegoelako. Horregatik haserretu zen lehendakaria azken hitzen aurrean, biluzik ikusi zuelako bere burua.

Gerla epaia da, jada galdu duten gerlan uztartu behar dena. Alferrik dabiltza oraingoan ere. Oso larria da erasoa, baina askoz ere indartsuagoa izanen da gure tinkotasuna. Esker mila aunitz elkartasuna adierazi diguzuen guztioi!