Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Gazteekiko haustura sortu dute

Telefonoaren beste aldean daude eta egoera kontatzen digute. Bonben artean bizi dira. Gauean ezin dute lorik egin bonben hotsen artean, beraz eguna argitzen delarik oren batzuk hartzen dituzte lo egiteko. Gaueko ikararen arintzeko.

Bitartean dozenaka, ehunka hil karriketan, etxeetan. Bai, herritar xume guztiek bizi dituzten egunak ikaragarriak dira. Hiltzea, heriotza hor dagoela sentitzea hobe dela diote, hau da milioi bat zazpiehun mila pertsonen egunerokoa Gazan.

Sare sozialetan oroimen kolektiboa piztu da eta askok Gazan mende honen Gernika ikusi dute. Hau baita errepikatzen, herritarren kontra gerlarako tresna eraginkorrenak, Israelgo Armadak munduko tresna hoberenak erabiltzen baititu Gazan. Hau gure begien aurrean gertatzen ari da. Gernikan gertatu zen bezala, nazioarte guztiak zekien zer ari ziren egiten, tresna berrienak baliatzen guda handiagoetan erabiltzeko. Gizadiaren kontrako gerla zuzenean!

Gernikaren inguruan gezur asko kontatu zituzten, euskaldunek berek sutan jarri zutela Gernika. Prentsan denetarik entzun da, Israelgo propaganda zuzena, propaganda gerlarako tresna nagusia baita. Hori dena badakigu, gobernuek ere, agintariek, elementu guztiak dituzte, herritar xumeei dietela erasotzen, helburua ez dela talde berezi baten suntsitzea, herri palestinarra bera baizik. Herria ezabatu nahi baitute, Israel handiaren egiteko. Ez da negoziaketarik behar Israelentzat! Zuzenean erakusten diguten hilketa horrek baditu ondorio beltz-gorriak Gazan, familia osoak ezabatzen dituztelako. Ez dituzte argudioak bilatzen ere hain naturala baitzaie egiten dutena, beti urrunago joatea delarik helburua. Ondorioak ditu gure humanitatean, gaur Gazan egiten dutena edozein tokitan egin dezaketelako eta gure erantzuna oso motz gelditzen baita.

Gertakari horien ondorioz, frantses Gobernuaren benetako aurpegia ikusi dugu. Hollande Israelen erasoa sostengatzen ikusi dugu. Palestinaren inguruan frantses Estatua atxikitzen saiatu zen oreka hautsi da.

Horrez gain, Palestinaren sufrimendua salatzeko, herri palestinarrak libre bizitzeko duen eskubidearenganako elkartasuna manifestaldietan entzunarazteko nahiari Vallsen Gobernuak jarri dizkion trabek barne politikaren norabidea argitu dute.