Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Amaitu gabeko gerraostea

Duela 25 urteko udaberri/uda hartan Europa ekialdean hasi zen prozesuarekin historia amaitzen zela ebatzi zuen profeta ustetsuren batek. Horrenbesteko ahoberokerietara iritsi ez ginenok ere, haatik, zinez uste izan genuen II. Mundu Gerraren ondorio politikoak amaitutzat eman behar zirela. Eta, agian, Europarako, ez zen horren okerra iritzia. Baina Europa ez da mundua. Ezta munduaren burua ere, jada.

Hori guztia berrausnartzeko egun aproposa izan behar luke abuztuaren 6ak. Isilka-misilka, baina etengabe, aldian-aldiroko tentsio goraldiek girotuta, Asia Ekialdean aurrera doan armamentu lasterketak erakusten du Bigarren Mundu Gerraren ondorioak ez daudela amaituta han. Ezta egonkortze bidean ere. Eta gerraosteko diseinua zartatzen ari dela. Bazela garaia esango du baten batek. Ez nago ni, ordea, batere ziur hoberako izango ote den.

Ez da oso zorrotza, ezta bereziki maltzurra ere izan behar, ohartzeko Japoniak Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik politikoki bizi duen Ameriketako Estatu Batuen protektoratu egoera behingoz lurperatu nahi duela. Hau da, bere kanpo-defentsa politika berak soilik erabaki eta gauzatzera iritsi nahi duela. Inondik ere AEBekiko desatxikimendurik adierazi gabe, baina helburua inoiz ahaztu gabe. Eta horretarako bi txori-izugarri erabiltzen ari dela. Bat, txikitxoa, Ipar Korearen ateraldiak eta balizko mehatxua. Bestea, handia, AEBetan erraldoi txinatarrarekiko gero eta biziagoa den mesfidantza/beldur ikaragarri hori. Urratsak azkartzea besterik ez du egin Abe-ren gobernuak.

Baina mundu guztiak daki -edo behintzat jakin behar luke- horren guztiaren barren-barrenean zer datzan. Bigarren Mundu Gerraren (eta hura ez zen hasi 1941ean Asia Ekialdean) izugarrikeriak. Eta haietan azkena, baina ez txikiena, duela 69 urte Hiroshima eta Nagasaki hirien aurka botatako lehergailu nuklearrena. Itsaso Bare aldeko gerra osoan hildako soldadu estatubatuarrak baino zibil gehiago hilarazi zituzten bonbak. Gizakiaren historian egindako terrorismo ekintzarik basatienak, luzaz.

Norbaitek pentsatuko du krimen neurrigabe hura zuritzeko AEBek erabili ohi duten arrazoibidea (gerra behingoz amaiarazteko eta gudu latzagoa ekiditeko balio izan zutela bi leherketa atomikoek) baliagarria dela japoniarrentzat ere. Badago pixka baterako. Ikusiko du.