Kizkitza Gil de San Vicente
JO PUNTUA

Txato

Utzi gintuzunetik bi hilabetera, plaza publikoan sartuko zaitut berriz Txato. Gurea ez da inoiz lidergo karismatikoak gidatutako mugimendua izan, baina, ohiz kanpoko pertsonen lorratzek irauten dute luzaz gure memorian, bakoitzak bere ezaugarriekin.

Mendebaldeko jendarteetan nagusitu diren balio eta jarreren ondoan, halako elkarbizitza edo nahasketa batean, bizitzari ekiteko eta etorkizuna proiektatzeko identitate politiko erresistente bezain eraikitzailea zabaldu da hamarkadetan Euskal Herrian. Kontserbadurismo politikoak ekarri dituen ziurtasun eta egonkortasun nahiaren aurrean askatasuna, emantzipazioa eta haustura politikoa aldarrikatu duena.

Neoliberalismoak indartu dituen pentsamendu bakarraren, orainaren eta pragmatismoaren apologiaren eta indibiduo kontsumitzaile, hedonista bezain beldurtiaren aurrean, aniztasuna, komunitate sentimendua eta erabateko aldaketa ekarriko duen ideologia eta estrategiaren balioa berretsi duena.

Hor ikusten zaitut Txato, Euskal Herriaren historia eta oraina egin duzuen pertsonen artean bat. Konpromiso osoko militantea, akrata, kritikoa eta eskuzabala. Burokrazia, autoritatea eta egituren irautea helburu duen jarreratik urrun eta pertsonengandik hurbil.

Esparru anitzetan, bazter ezberdinen arteko zubi ibiltaria izan zara, kontsentsuak sortzen baino, egonez eta ekinez ertzak lotzen erakutsi duzuna.

Urte luze hauetan maiz ziklo aldaketa, gatazkaren konponbide osoa, hatz puntarekin ukitzen genuela sentitu dugu. Garaipena, helmuga baino, indarren arteko harremana eta errealitate sozial zein politikoa gure alderantz eramatea ahalbidetzen duen prozesua dela ikasi dugu orduan. Mugimendu baten printzipio politikoen egiatasuna estrategia, iniziatiba eta praktika eraginkorrak gauzatzeko duen jarrera dela. Ezker abertzalea, militanteok esparru ezberdinetan Euskal Herria eta konponbidea eraikitzeko egiten dugun ekarrian adierazten dela. Honetan ere eredu Txato.

Euskararen Herria izan da zure espazio kuttuna. Euskara Euskal Herriarekiko identifikazioa eta komunitatea sortzeko funtsa izateaz gain, gatazka historikoaren eta beraz burujabetza prozesuaren muinean dagoen osagaia dela erakutsi diguzu.

Airean gelditu diren «mila esker» ugari horietako bat bidaltzea besterik ez zait gelditzen Txato. Bidean, aurrera beti!