Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Israelekiko euskal loturak

Hedabide globalek sentsibilitate globala ahalbidetzen dute. Arduratuago bizi gintezke itsasoaren bestaldeko gertakariengatik etxe ondokoengatik baino. Egia da dramaren magnitudea distantziak determinatzen duela. Baina dramaren gogoangarritasuna gure begien aurrean agertzen den maiztasunaren menpe dago. Eta ardura errepikakorragoa eragiten du hilabetez egunero berrogeita hamar lagun hiltzeak egun bakarrean bi mila akabatzeak baino. Errazagoa da pertsonengan kezka bat ezartzea hurrengo egunean iratzartzen denean kezkarekin jarraitzea baino. Imajina batek mila hitzek besteko balioa du, agidanez. Mila imajinek sentsibilitatean duten inpaktua da jakiteke dagoen aldagai bakarra.

Sentsibilitate globalak bide bi har litzake gure gizartean. Eraginkortasun globalarena. Hau da, telebistan ikusi ditugun ume sarraskiak geldiarazteko gaitasun politiko ala faktikoa. Zein inpotentzia globalarena. Epe luzera, gizatasuna gatazken protagonista eta interesen arabera aplikatzen den diskurtso hipokrita huts bihurtzen duena.

Gure arbasoek euria egin zezan antolatu ohi zituzten prozesioen antzeko gaitasun funtzionala duten manifestaldien arindu eta guzti, injustiziaren aurreko inpotentzia sozialak goia jo du 2014ko udan. Sionismoak, gero eta nazi askeen itxura handiagoa duten judu askenazien Gobernuak, ez du neurtu hainbeste egunez jarraian hildako umeen imajinen erantzule bilakatzearen estigma. Auschwitz sano urrun gelditzen zaie belaunaldi gazteei (harira baletor). Eta palestinarren eraginkortasun militar urriak defentsa eskubidearen argudioa irrigarri bihurtu du, berriro ere.

Zorionez, betiko lez, badago garaipen eta porrotaren arteko bide bat. Globalki pentsatu eta lokalki ekitean oinarritua eta internazionalista berba gure diskurtso erretoriko nostalgikoetatik ateratzeko aukera ematen diguna. Ezker abertzalean, sikiera, internazionalistak ginela sinetsi baitugu beti, Ernestoren argazkiari begira.

Ramalah-eko hotel batean, PAEko gizon jator batek, 2010ean EAJ eta Israelgo Estatuaren arteko loturei buruz berba egin zigun. Ezker abertzalean ere badira irensten zailak diren jarrerak. Parlamentuak ikertzeko moduko gaia iruditzen zait euskal alderdi, administrazio eta enpresek Israelgo Estatuarekin dituzten harremanak, gero publiko egiteko, noski.

Altxa ditzagun kartak palestinar umeek ikus ditzaten.