Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Ez al gaude eszenaren alde?

Musikari bati baino gehiagori irakurri edo entzun diot azken boladan. Baita zale askori ere. Egoera negargarri samarra dagoela Euskal Herriko musika eszenan.

Sekula baino kontzertu gutxiago antolatzen dira. Kontzertu ugari jo izan dituzten taldeak ere hara eta hona bila ibili beharrean badira, zer esango dugu, ba, talde hasi berriek izango dituzten zailtasunez. Arazoa ez da, ordea, taldeena edo eszenarena (soilik). Gero eta jende gutxiago doa kontzertuetara eta arazoa ez dirudi dirua denik, gaztetxe eta lokal askotan antolatzen dira-eta kontzertuak doan edo oso merke.

Aldaketa kultural bat gertatu denik ezin genezake ukatu ikusleriari eta musika zaletasunari dagokionez. Single-aren edo hit bakarraren diktadura iritsi ote da? Irrati formulek desagerrarazte bidean jarri ote dute? Internetek abestiak solte erosteko edo eskuratzeko eman duen aukerak azken kolpea joko ote dio, ba, diskoari edo albumari?

Badira begiratu beharreko beste zenbait elementu. Sekula baino bertsio talde gehiago sortzen eta ikusten ari gara gure jaietan. Eta, era berean, nabarmena da haize instrumentuak dituzten taldeen booma eta erabateko presentzia. Lehenengo aferari dagokionez, agortutako eszenaren itxura ematen du. Ideia berririk gabea, berritzeko grinarik gabea. Eta bigarrenari dagokionez, eskaintza eta eskariaren arteko afera al da bestelako estiloak baztertzeko arrazoia? Berri Txarrak taldearen kanta bat gogoratuz, ez al gaude ba eszenaren alde? Zergatik jarraitzen dugu duela 30 urteko musika bera entzuten?

Euskal Herrian musikan eta kulturan oro har haustura eta berrikuntza mugimendu sozial eta kultural sendo baten ondorio izan da. Ez Dok Amairu, RRVa, 90eko hamarkadako rockaren eztanda... Era berean, mugimendu horiek sortu dituzten talde identitateen ondorioz zaila izan da bestelako estilo eta berrikuntzei tokia egitea ere.

Zaharraren eta berritu ezinaren arteko linbo horretan kateatuta gaudela dirudi. Baina dena ez da negatiboa, nahiz eta hemen aspektu horietan zentratu naizen. Euskal Herrian badago eszena. Indartsua baina nolabait undergrounda. Ez al gaude eszenaren alde? Ba, eman diezaiegun bultzada talde hauei eskura duguna eginez eta, batez ere, eman diezaiegun bultzada herrian ilusioz gainezka sortzen diren talde berriei. Musika eszena indartsuak identitate berriak trinkotu eta hauspoa emango baitio herriari.