Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Ostatu batean

Hizkuntza propio batean hitz egitea sintaxi jakin bat erabiltzea da, baina horrez gain, eta batez ere, kultura batez jabetzea da. F. Fanonen aipu honi jarraituz esan dezakegu euskaldunok euskararen ordez (in)kontzienteki frantsesa edo gaztelera erabiltzen dugunean, erdal munduarekiko mendekotasuna barneratzen dugula erabat. Pairatzen dugun bortizkeria sinboliko hori (geure hizkuntzan ezin biziz) eguneroko ogi bihurtu zaigu aspaldidanik.

Ez dut eulia ipini nahi behiaren muturrean, baina euskaldunok askotan jendarte azpikulturala osatzen dugula esateko gero eta arrazoi gehiago ditudala esango nuke. Sarritan isiltzen dugunaren jabe gara, baina baita esaten dugunaren esklabo ere. Hitzak gure pentsamendua adierazten du, gure pentsamenduaz ari da; hitzokin mintzo gara; are, hitzokin eraikitzen dugu gure mundua, Azurmendiren esanetan, barrutik erabat puskatuta dugun mundu hori, erabat puskatuta dagoen herri hori.

Hizkuntzagatik gara garenak, hizkuntzak osatzen du gizakiaren lehenbiziko komunitatea edo kolektibitatea; hizkuntzak, ordea, ez dira existitzen, hiztunok biziarazten baititugu hizkuntzak. Hori horrela dela ondorioztatzen badugu eta euskararen ordez frantsesez edo gazteleraz hitz egiteko hautua egiten badugu, geure izatearen nahia baztertzen dugula esan daiteke.

Gero eta nekezago egiten zait hizkuntz ordezkapen hori neure begien aurrean ikustea, iragan egun batez Ziburuko ostatu batean gertatu bezala. Alde batean frantsesez egiten zuen euskalduna zegoen, bestean euskaraz mintzatuagatik frantses mentalitatea zuena. Lehenbizikoak herria zuen oroit, lurralde elkargoaren beharra aipatzen zuen; bigarrenak, berriz, euskara Frantziaren ondare zela, aberri txiki hau aberri edo patrie handiago baten barruan zegoela zioen. Nahitaez Xalbadorren «Herria eta hizkuntza» bertso ezaguna etorri zitzaidan burura: batek euskara zuen ahantzi eta besteak herria gaitzetsi. Eskizofrenikoa egin zitzaidan eztabaida.

Bien bitartean, hizkuntz inperialismoa bere pentsamendua hedatuz eta ezarriz doa Bidasoaren bi aldeetara. Hizkuntza gutxiagotua duen hiztunari hitza kentzen dio eta ezartzen zaizkion axiomak ditu errepikatzen. Horrela gabiltza, horrela sortzen da subjektu kolonizatua. Hizkuntz hegemonikoaren kultura bereganatu eta artikulatuko du. Izan gabe izango da.

Gure buruak asimilazio honetatik askatu ezean, nekez askatuko dugu Euskal Herria.