Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Ezkerreko zubia

Eufemismo alegorikoa erabiliz, Krisi Ekonomikoa deitzen dioten langile klase eta kapitalaren arteko, estatuen eta merkatuen arteko indar korrelazioen ezarpen berriak lurrikara eragin du Europako ezkerrean. Ez ditut maite eztabaida puristak, beraz, ezkerra diodanean beren burua ezkertiartzat duten guztiez ari naiz. Kontuan hartuta energia errekurtso fosilik ez dugun ekonomietan bere burua ezkertiartzat ez zuen Keynesen «General Theory of Emploiment, Interest and Money», Gastu Publikoaren erabilera heterodoxoa, bihurtu dela ezkerreko gobernuen oinarri teoriko nagusia, ez da bidezkoa ideologien marrak gobernu esperientziarik ez dutenen esku uztea.

Gure herria okupaturik duten bi estatuetako sozialdemokraziak krisi larrian dabiltza. Esan genezake kasu bietan arrazoia berbera dela: botere ekonomikoek diktatutako politikei men egitea, eta ondorioz, eskumak aplikatuko lituzkeen politika berberak burutzea. Hurrengo hauteskundeetatik aurrera PSF egongo den legetxe, Espainian PSOE krisi sozial betean dago. Eta politikan indarge sentitzen garenean posizioak erradikalizatu ohi ditugu. Ondorioz, erakargarritasuna ahulagoa da, periferiak galtzen dira, eta gureak bezalako estatu plurinazionaletan proiektu eta ahots propiorik gabe geratu ohi dira frankiziak. Pedro Sanchezen diskurtso politikoa requiem bat da PSC eta PSErentzat. Baldin eta soilik baldin, erreferentzia galtzen dabiltzan sektore horientzat alternatiba (gogoratu ondo hitz hau) bihurtzeko gai baldin bagara.

Bada Hego Euskal Herrian kezkatzen nauen botoaren joera bat. Mende oso batez botoz eta sentimenduz sozialistak izan diren herriak desagertzen dabiltza. Kontua da boto horiek demokristauetara doazela bertoko ezkerreko alderdietara barik. Eta abakoak ateratzen baditugu, ez dago Gauss edo Markov izan beharrik jakiteko gure proiektu nazionalaren partidua hor jokatuko dela. Edo hobeto esanda, ezker estatalistaren boto-emailea ezker independentistarena bihurtzeko eraldaketan. Ezker estataletik bertoko ezkerrera doan boto trasbasea eraiki behar dugu, demokristauei ematen dieten botereak langileari kalte egiten diola ulertarazi. Lan horretan eraiki berri dugun herritar batasuneko arimetako bat, Alternatiba, klabea iruditzen zait. Protagonismoan irabazi behar dute euren ideiek; Oscar Matuteren bokazioa trasbase hori gidatzea da. Bestela Podemosek beteko du hutsune hori. Eta ez zait txarto iruditzen, baina independentziarako bidean beste belaunaldi oso bat galduko dugu.