Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Jar gaitezen eroso

Argi utzi zuen Jose Antonio Pastor PSEren eledunak bere alderdia ez dela PSC, joan den igandean «Berria»-k argitaratu zuen elkarrizketan. Argitu beharra ote zeukan?

Bere alderdiaren eredua «autogobernuan sakontzeko eredu bat» omen da, baina, betiere, «Espainiaren markoaren barruan». Beraz, lau euskal herrialde penintsularretako bizilagunoi espainiar agintariek erabakitako autogobernu maila dagokigu. Hori bai, autogobernu maila hori onartzen dugun ala ez adierazteko aukera dugu. Esate baterako, Gernikako Estatutua onartu izan ez bagenu, ez genuke Estatutu hori izango. Independentziaz ere galdetzeko ez lukete arazorik izango, are gutxiago Mariano Rajoyk erabakitzeko eskubidea, «horren eskubide funtsezkoa», sutsuki defenditu zuenez geroztik. Espainiarrei dagokien eskubideaz ari zen, jakina, katalanek «kendu nahi dieten» eskubideaz, hain zuzen.

Horrenbestez, ez dut ulertzen zergatik autonomia estatutuak berresteko edo atzera botatzeko bozketetan ez duten espainiar guztiek parte hartzen (tira, Foru Hobekuntzaren kasuan, nafarrek berek ere ez). Eta ez dut ulertzen nolatan, esate baterako, Rajoyren eta Pastorren alderdiek adostu zuten Konstituzioa aldatzea defizit publikoa mugatzeko, espainiarrei «horren eskubide funtsezkoa» kenduta. Edo Pastorren alderdiak lehenengo eta ondoren PPk egindako lan legeen erreformak, espainiarrei, langileei behinik behin, galdetu gabe.

Autonomia estatutuak, beraz, dagozkien lurraldeetako bizilagunek onartzen dituzte; hala ere, ondoren Madrilgo Gorteek berretsi behar dituzte. Estatutuak eta haien erreformak. Berretsi edo atzera bota. Adibidez... eee... Ibarretxe plana. Zer egingo diogu, ea hurrengoan zorte hobea dugun. Kataluniakoa, berriz, eskuilatu egin zuten Zapaterok eta Masek, PSC ahoa bete hortz utzita (eskuilatu ala garbitu -akabatu, alegia-?, Alfonso Guerrak berak «nos hemos cepillado el estatuto» esan baitzuen zehazki; edonola izanda ere, ondoren Auzitegi Konstituzionalak azkena eman zion). Jakina, PSE ez da PSC, Pastorrek dioenez, eta «inoiz ez da izango». PSE, PSN bezala, PSOE da. Argitu beharra ote zeukan?

«Lortu behar duguna da herritar guztiak eroso sentituko diren autogobernu marko bat», dio Pastorrek. Posible al da guztiak eroso sentitzea «Espainiaren markoaren barruan»? Ez, eta marko horretatik kanpo ere ez, noski. Hasteko, ez litzateke txarra izango herritar guztiak biltzen dituzten aukera guztiak gauzatzea posible izatea.