Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Nortasun periferikoak?

Barrio Sesamo gogoan? Handia, ttikia, goian, behean, ezker, eskuin...; kontzeptu argiak, azaltzeko era ulergarriak. Oraingo saio horiek ekartzen ditugu gogora (nik bederen egiten dut) eskema sinpleak aipatzeko.

Ez da hain erraza, ordea. Izan ere, erreferentziak eta begiradaren iturburua erabakigarriak dira kategoriak ezartzeko. Esker-eskuin ardatzean kokatzeko, esaterako, funtsezkoa da non kokatzen zaren. Zu zauden posiziotik ikusten duzun ezkerra eskuina izanen du aurrez aurre duzunak. Begiradak markatzen du, beraz, begiratutakoa. Eta bergauza neurtzeko irizpideez. Zuretako handia dena niretako erraldoia, eta ondoko batendako ttiki-ttikia. Baldintzak eta ikuspegia aldatzen dira, horregatik da hain garrantzitsua, honetan ere, joko arauak ezartzea.

Iruñea iparraldean dago? Cadizetik begiratuta bai, Baionatik ez, jakina. Esparrua zehazten delarik, mugak markatzen dira, eta alderantziz, mugen arabera zehazten da esparrua. Tutera gure euskal esparruaren hegoaldean dago, Donapaleu iparraldean Balmaseda mendebaldean eta Maule ekialdean, esaterako.

Barrio Sesamon hain sinple zirudiena konplikatzen da. Eta hauxe gertatzen da erdigune-periferia kategoriez, halaber. Zer da periferia? Erdigunearen arabera margotzen da ingurua, argi dago. Horregatik, Madril erdigunetzat hartu duen Espainiaren arabera, gu periferian gaude. Betaurreko horiek erabiliz, gurea «nazionalismo» periferikoa da, espainiarra, ongi dakigunez, existitzen ez delarik. Eta gauza bera nortasunaz: gurea nortasun periferikoa da, espainiarra ez bezala.

Halako kategoria «neutralak» erabiltzen ditu Espainiako CISek bere inkestetan, aste honetan jakin dugunez. Gurea nortasun periferikoa da. Nekez luza zitekeen halako begiradarik Iruñetik, baina Iruñea ez da Espainiaren hiriburua, «periferia» baizik.

Kezka handia piztu omen du Espainian CISen inkestan agertutakoak. Datuek diote Nafarroan «nortasun periferikoa» hegemonikoa dela, bere burua espainiar soiltzat hartzen duen jende multzoa kopuru patetikoetan gelditu delarik. Ez dakit zein den inkesta honen sinesgarritasuna: iruditzen zait halakoak arreta handiz hartzea osasuntsua dela. Dena dela, jendartearen joera argia da eta norbaitek ulertu beharko luke kategoria horiek erabiltzeak argitzen duela zergatik doazen nortasun horiek goraka, espainiarra erortzen den bitartean.