GARA ALESBES

Euskararen Eguna egin dute Alesbesen ikasketa eta erabilera bultzatzeko

Euskararekiko dagoen jarrera baikorrak eta ikasteko eta erabiltzeko gogoak eragin dute Alesbesen lehendabizikoz Euskararen Eguna egitea. «Ilusioz eta itxaropen osoz» antolatutako besta atzo izan zen Tuterako Merindadeko herri honetan.

Dantzaz, musikaz eta jolasez hornitutako ospakizunean euskara omentzea izan zuten helburu, «Nafarroako ondare kultural gisa aldarrikatuz». Aldi berean, «euskara ikasi eta erabili ahal izateko eskubidea» aldarrikatu nahi izan zuten. «Alesbesen euskarak badu aukera», adierazi zuten jaian.

Antolatzaileek azaldu zutenez, euskarak herriko hainbat arlotan zuen lekua ikusita animatu ziren eguna antolatzera: Alesbes bertako ikasle talde handi bat Fontellaseko Argia ikastolara joaten da egunero D ereduan ikastera, eta, horrez gain, heldu ugarik AEKren eta Ilargi Kultur Taldearen eskoletan ikasten du. Gainera, gero eta arrakastatsuagoa da Gabonetako Olentzeroren festa ere. Baieztatu zutenez, jende aunitz dago «euskararekin maiteminduta».