Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Eskubideen negoziaketa

Eskubideak ez dira herritarrekin negoziatzen!», entzun nion lehengoan besoak margoturiko pertsona oso maskulino bati.

Europar burgesiak paradisu bat oparitu zigun abadeena infernu bihurtu zen sasoi berean. Aurreko paradisuaren funtzio berbera zuen, hipokrisia praktikatu ahal izateko desideratum bat eraikitzea, egin behar zituzten gaiztakeria guztiak onura handiagoen ezinbesteko kostu legez azaldu ahal izatea. Bada garaia eskubide unibertsalak izeneko paradisu horren fikzioaz berba egiteko.

Uste dut gure gizartean gezur handi bi praktikatzen direla ezinbestekoa iruditzen zaidan giza eskubideen aldeko borrokan. Lehenengoa, hain iltzaturik dugun moral judu-platonikoaren ondorio da: eskubideak unibertsalak, eztabaida ezinak eta salbuespenik gabeak direla pentsatzea. Ziurrenik hala izan beharko luke, baina ez dira. Ez dago unibertsalki mugatu ezina den eskubiderik, praktikak hori erakusten digu. Ez eta bizitza eskubidea ere, guztioi iruditzen baitzaigu zuzena gizatasunik ez duen pertsonaren, munstroaren heriotza. Noski, horretarako lehenago pertsonari gizatasuna erantsi behar diogu, bestela gure diskurtso publiko hipokritarekin talka egiten baitu, eta bigarrenik, gure inolako inplikaziorik eskatzen ez duten metodoak antsiatzen ditugu, heriotza naturaren justiziari leporatzeko. «Lelotxo Montañako otsoak jan daue, bera be gaiztoa zan-ta ondo egin xaue». Europar burgesen testu guztiak baino fidagarriagoak iruditzen zaizkit kanta zaharrak diskurtso publikoek ezkutatzen duten errealitatea ulertzeko.

Bigarren gezurra darwinismoak eragindakoa da. Pentsatzen dugu gizakia hobera doala ezinbestean, bere balio, ohitura eta besteekiko ulermenean. Bitartean, 80ko hamarkadan Estatuari sekulako buruko minak eragin zizkion belaunaldi borrokalariak seme-alaba kontserbadore, indibidualista eta erreakzionarioz bete dizkigu kaleak.

Ez, gauzak ez doaz aurrera berez.

Eskubideen ezinbesteko borrokan, erreferente bihurtzen direnek estrategien ondorioen erantzule bihurtu behar dute. Bestela, aipatu ditudan gezur bietan oinarriturik hondamendira eroan gaitzakete eta.