Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Inozentzia

Bizitza honetan zenbat aldiz errepikatu ote zaigun gazteoi oraina bizi behar dela, etorkizunean gehiegi pentsatu gabe. Eta bere arrazoi puntua izan badu, noski, esaera horrek. Baina etorkizunerako proiekzioak, ilusioak, utopiak ezinbestekoak ditugu aurrera egiteko, gauden tokian ez usteltzeko. Bizitza borroka bada, ibiliak egiten du gozo.

Hilabete batzuk daramatzat Eduardo Galeanoren liburu eder bat euskaraz irakurtzen. Xabier Alegriak joskera eta hiztegi ederrez itzulia, «Ispiluak». Mundu ia ororen historia kontatzen du pasarte laburretan. Harrigarriak asko. Baina ematen du zer pentsatua ere. Gizakiaren historia guztia borroka eta zapalkuntzaz beteriko historia izan da. Feminismotik, sozialismotik edo beste hamaika ikuspegitatik borrokatzen dugu mundu hobe baten alde. Mundu aske baten alde. Baina zer demontrek garamatza pentsatzera inoiz zapalkuntzarik gabeko mundu parekide bat eraikiko dugunik, gizakia gizaki denetik zapalkuntza izan bada eguneroko ogi?

Gero eta zailagoa egiten zait askatasun desiratu hori erreala denik eta izan daitekeenik ere irudikatzea. Eta beharbada, hori izango da sarri planteamendu errealistagoak egitera naramana. Gauzei bere neurria hartu eta dogmak baztertu. Horretarako kolpeak hartzen ere jakin behar da ordea. Hausnarketa sinplista eman lezake. Baina «askatasun» hitza eta esanahia bere neurrian neurtzen jakin beharra dagoela uste dut. Lagun batek esan zidan behin, Dut taldea gaztetxotatik entzun izan dugunok zortea izan dugula, askatasuna bezalako kategoria potoloekiko inozentzia galtzen lagundu digulako. «Harroegi onartzeko, harroegi ulertzeko askatasun desiratuak ez gaituela askatuko».

Askatasun desiratuak ez bagaitu askatuko, zoriontsu izateko beste modu batzuk bilatu beharko. Eta askatasuna ezer bada, uste dut hori erabakitzea dela. Nor bere buruaren jabe izatea. Norbera parte sentitzen den kolektiboak bere erabakiak hartu ahal izateko eskumena eta ahalmena izatea. Zer izan nahi dudan edo dugun erabakitzeko gai izatea.

Bizitzaren patua erabakiak hartzea baita. Erabakiak hartzen jakitea eta gai izatea. Baina askatasun idealaren ilusioarekin bezala, inozentzia oro baztertu beharko dugu. Erabakiak hartzea ez baita win-win formularen berme ia inoiz. Erabakiek apustuen itxura handiagoa dute, eta apustuan irabazi egin daiteke baina seguruenik zerbait galtzen utzita. Eta orduan antz emango diogu bizitzari borroka etengabea dela.