Arantza Santesteban
Historialaria
JO PUNTUA

Zaharrak berri direnean

Zenbatetan irakurriko genuen kaleko hormetako edo elastikoetako proposizioetan «Independentzia!» hitza. «Aberria ala hil», «borroka da bide bakarra» eta «denok eman behar dugu zerbait gutxi batzuek dena eman behar ez dezaten». Leloz lelo eraiki liteke belaunaldi jakin batzuen ikuskeraren antologia. Badakigu, leloek eta esaerek jendea batzeko ahalmena izan badutela. Badakigu nork bere preferentzien araberakoak erabiltzen dituela hain beharrezkoa -eta batzuetan, zamatsua- den sozializazio prozesuetan zilegiztatua izateko. Norbera bereekin lerrokatzen da, eta hobeen faltan, do it yourself.

Azken 40 urteetako hainbat lelo eta ikurren errepasoa biltzen duen pin -bere garaian, txapa- bilduma esku artean duzunean, ohartzen zara zer geratu den denboraren igarotzearekin katigatu samar. Zerk duen zentzua gaur egun eta zer geratu den iraganera iltzatua. Teoriak eta praktikak dinamikoak izan badirela, baina horregatik ere badirela zaharrak eman arren berri izan daitezkeenak. Foucault-ek kontu eman zigun botere erlazioak pertsona guztien arteko harremanetan ematen direla; guztiok izan gaitezkeela zapaldu zein zapaltzaile. Eta hori horrela izanagatik ere, badakigu oraindik giza harremanetatik harago gainegituraren mailan dominazio prozesuek bere horretan dihardutela. Eskozian, Herrialde Katalanetan edota gurean gertatzen diren askapen prozesuen gaurkotasuna horren lekuko. Gauza gehienak lortzeke ditugulako oraindik. Gehienak.

Bilduma enblematiko horretan «Independentzia!» minuskulaz eta ikurrina txiki bat eskuinaldean duen txapa jo dut begiz. Eredu zeharo noventero horrek atzean gordetzen duen sakontasun osoaz jabetu naiz. Garai batean kamiseta batean eskegita generaman pina zer punturaino bihurtzen ari zaigun errealitate. Zer punturaino dabilen hitzetik hortzera independentziaren auzia, eta gure belaunaldikook inoiz gertu sumatu badugu, orain izaten ari dela.

Lelo errepikakor bat izatetik, edukiz bete behar dugun prozesu politiko eta soziala izan behar du izan independentziarenak. Edo bestela ez da izango. Esklusiboegiak, bereziegiak, espezialegiak izan nahi dugun garaiotan, elkarrekin har ditzakegun banderak beharrezkoak ditugulako oraindik. «Independentzia!» horietako bat izan liteke, edukiz bete eta guztia aldatzeko aukera ematen duen tresneria gisa definitzen badugu. Leloaren sinpletasunetik, errealitatearen konplexutasunera hurbiltzen badugu.