Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Gerla giroa Frantzian

Frantzia gerlan sartu da. Ez dugu ulertzen nolaz, baina urtetik urtera gehiago gerlan sartuz joan da. Milaka kilometrora kokatuak diren herrialdeetan bonbak botatzen ari da. Helburuak ez dira argi, dudarik gabe enpresa erraldoi batzuen interesen babesteko, eta noski, kanpoari arreta emanez barne politikan dauden arazoak ezabatzeko aukera sortzen baita. Berehala sondeoak, oso apalak zirenak Hollanderentzat, berriz igotzen ari dira. Batasun nazionalaren beharra aldarrikatzen ari dira Aljerian mendizalearen hilketaren ondotik? Hollandek dio frantsesa zelako hil dutela. Ez du erraten Frantziak egiten dituen bonbardaketengatik hil dela. Frantsesa zelako! Frantziaren ohorea defendatu behar da hamalauek gerlan egin zuten bezala. Hau da gaurko lerro politikoa!

Seguritatea dute aipatzen, leku publikoetan poliziaren eta armadaren presentzia indartuko da atentatu arriskuen saihesteko. Gerlan sartzeak arrapostua ekartzen baitu. Hau du gobernu honek eskaintzen; bestalde, errepresiorako lege berrien aldarrikapena eta poliziaren eraginkortasuna, portaera bitxien aurrean erreakzionatzea, honek ekartzen dituen huts egiteko aukera guztiekin. Hau al zen espero zena ezkerreko gobernu batengandik? Seguritate gutxiago, libertateak murrizten dituzten legeak. Kolonialismo berria Frantziaren batasunaren aldarrikapenarekin batera. Sekula baino defizit publiko handiagoarekin, hitzik gabe gaude urte politikoa hasi eta gero. Senatua erreberrituko dute asteburu honetan. Ez du sukar berezirik sortzen. Denek dakite, bi urte ezkerraren eskuetan egon eta gero, eskuinera doala ganbera. Podore guztiak eskuetan zituela Hollandek ez du inor konbentzitu eta Senatua galdua izanen du.

EAJk autonomia estatutua lantzen omen du Euskal Herriarentzat, baina ez duela erreferendumik nahi. Hau iragarri du Ipar Euskal Herriko mahaiak. Erreferendumaren inguruko ikuspuntuak erakusten digu EAJk formula demokratikoak ez dituela hobesten, kezkagarria da, erreferenduma bide zuzena baita herriak zer nahi duen jakiteko. Edo hau ez al da garrantzitsua? Gero, autonomia estatutu berria prestatzen ari omen dira, estatutu horretan Ipar Euskal Herria kontuan hartzen ote den ez dugu argi ulertu.

Ez du ematen giroa oso sanoa denik. Gauza naturalenak saihesten dira eta bortitzenak hobesten, podorearen indarkeria gordez, etsai berria erakutsiz aurpegi ilunenarekin, lehen gerlan bezala. Euskaldunok gure tokia atzemateko zurrunbilo horretan ez zaigu erraza izanen. Autonomia estatutu berria ez da aterabide egokia.