Floren Aoiz
@elomendia
JO PUNTUA

Kea agertzen delarik, normalean, sua dago

Ke harresia? Hala esan beharko genuke euskaraz cortina de hu-mo? Ez dakit, baina ideia erraz ulertzen da: kea baliatzen da zerbait ezkutatzeko. Hauxe da espainiar «progre» asko Kataluniako prozesuaz erabiltzen ari diren irudia. Eta, jakina, izugarrizko azterketa sakon eta zorrotza egiten ari direlakoan baliatzen dute kearen aipamena. Horiek bai iraultzaileak, azaletik harago doaz eta!

Kearen teoriaren arabera, katalanak Mas eta CiUren aginduak ardien modura segitzen dituzten ergelak besterik ez dira. Operazioaren helburuen artean, murrizketak erantzun sozialik gabe egitea. Jendearen sentimenak erabiltzen dira, beraz, eliteen interesen onerako. Hamelingo txistularia omen da Artur Mas, jendea nahi duen lekura -eta gainera, pozik, dantzan!- eramaten dituena.

Finean, halakoa da nazionalismoa: zatiketa artifizialak asmatzen ditu langileriaren indarrak ahultzeko, iraultza komunista egin ez dezan. Dakigunez, espainiar Estatuan oraingoz halako iraultza komunistarik egin ez bada, nazionalismoen errua da. Eta, jakina, nazionalismoa aipatzen delarik «periferikoak» hartzen dira aintzat. Izan ere, espainiar nazionalismorik ez omen dago.

Ulergarria da espainiar progre horien haserrea: haien iraultza komunista galarazten dugu etengabean. Frankismoan ere hala zen, ezker independentisten errua zen espainiar Estatuan oposizio borrokalari zabalagorik osatu ez izana. Gaixoak! Gaixoak?

Oso argigarria da progre horien ibilbidea oroitzea. Moncloako Itunak sinatu zituzten alderdietako kideak dira horietako asko. Euskal herritarrak torturatzen ari ziren guardia zibil edota poliziak txalotzen zituzten agirien alde bozkatzen zutenak ere horien artean daude. Konstituzioaren aldeko hamaika aldarrikapen izenpetu dituzte, terrorismoaren kontra borrokatzearen aitzakiaz, erregimenaren oinarri bat izan direlarik. Frankisten zuritze operazioa babestu zuten, erreforma bultzatuz, baina, kasu, orain erregimenaren kontra daude, urte luzeetan eraikitzen lagundu duten erregimenaren kontra.

Frankismoa bukatu zenean jakin zen frankista bakarra Franco izan zela. Orain jakin dugu ez zegoela inor espainiar erregimenaren alde. Nola sostengatzen da, ba, inor ez badago erregimenaren alde? Hau misterioa!

Nik ez dut inoiz ahantziko progre horiek urteotan egin eta esan dutena: ez naiz galduko beren jatorri eta ibilbidea ezkutatzeko zabaltzen duten kearen lainoan.