GARA DONOSTIA

Euskal Herriko 82 artista eta kolektiboren lanak ikusgai San Telmon

Euskal arte garaikideari eskaini dio Donostiako San Telmo museoak ireki berri duen erakusketa. Guztira 82 euskal artista eta kolektiboren lanak ikus daitezke urtarrilaren 25a arte bertan. Belaunaldi ezberdineko artegileak dira, gehienak nazioartean aitorpena jasotakoak.

Xabier Saenz de Gorbeak zuzendu du komisario taldea Enrique Martinez Goikoetxea Artium Bildumaren kontserbatzailearekin batera.

Taldearen esanetan, «Suturak», funtsean, interpretazio bat da. «Eraikuntza bat, testuinguruak irudien historian eta bilakaeran duen garrantzia islatu nahi lukeena. Finean, Euskal Herriko artista garaikide batzuen erakusketa bat da, eta interpretazio irekia eta anbiguoa du. Salbuespenen bat izan ezik, sortzaile ezagunen lanak biltzen ditu, baita autore ezezagunen obraren bat edo beste ere, helburu sozialez egina».

«Suturak» erakusketak bildutako lanak 1954tik gaur arte eginak dira. Artelan gaurkoenen artean, nabarmentzekoak dira San Telmo museoan ikusgai jartzeko berariaz egindakoak. Gehienak, hala ere, azken bi hamarkadetako lanak dira.

Hamabi kapitulu

Proiektua hamabi kapitulutan antolatu da; interpreta liteke artegintza garaikideko hamabi estrategia desberdin bildu nahi izan direla hartara. «Alde horretatik, arte garaikideak testuingurua islatzen du, kultura bat edo gizarte bat esanahiz betetzen duen oro. Artelanak sismografo batek bezala dihardu, gure inguruan gertatzen diren lurpeko mugimenduak erregistratuz», azaldu dute.

Erakusketa urtarrilaren 25a arte bisita daiteke San Telmo museoko aldi baterako erakusketan aretoan, klaustroan eta patioan.

Hainbat belaunalditako artisten lanak biltzen dira, gehienak nazioartean arte ibilbide nabarmena egindakoak eta aitorpena jasotakoak.