Jon LEUNDA
Aizkora | Urrezko lehiaketa

Leitzan argituko da zein diren azkeneko finalistak

Jon Rekondo eta Ander Erasun Arkaitz Jauregiren eta Julen Kañamaresen aurka neurtuko dira bihar.

Urrezko Aizkoran erabateko protagonismoa hartuko du Leitzak, hango Amazabal pilotalekuan hiru kanporaketa jokatuko baitira bihar eguerdian, 12.30ean. Saio osoa, gainera, ETB1etik zuzen-zuzenean ikusi ahal izango da.

Maila nagusian bigarren finalerdia jokatuko da, eta han neurtuko dira Jon Rekondo eta Ander Erasun Arkaitz Jauregiren eta Julen Kañamaresen aurka. Lau aizkolari gazte, eta horietako bat bertakoa, Rekondo, eta bestea gertukoa, Aurtizkoa. Horrek berak eramango du jendea, eta eguraldi txarra iragarri arren eta telebista ere bertan izan arren, sarrera oso ona izan beharko luke. Irabazten dutenek Aitzol Atutxaren eta Ugaitz Mugertzaren aurka jokatuko dute Azpeitiko final nagusia.

Etxekoak agertuko dira faborito. Eskarmentua ere handiagoa dute, eta mailei begiratua, biak Euskal Herriko Lehen Mailan daude, eta besteak, berriz, Bigarrengoan. Hala ere, honek lehiaketa horrekin ez dauka zerikusirik. Lan ezberdinak dira, eta deskuidu txiki bat nahikoa izango da kanpora joateko.

Zutik jarritako enborrek aurten min dezente egin dute, baina gaurko laurak nahiko trebeak dira horrelako lanetan, eta pentsatzekoa da hor ez dela ezer erabakiko, eta iraupen proban, azkenekoan, jakingo dela finalisten izena.

Lauretan eskarmenturik gehien Jon Rekondok dauka. Bakarka ere urtero oso goian ibiltzen den aizkolaria da, eta biharko finalerdian ere diferentziak markatu behar ditu.

Bigarren Maila

Bigarren Mailan bi kanporaketa jokatuko dira, eta finalerdietarako bi txartel egongo dira. Gaur Bilbon zen izatekoa kanporaketa horietako bat, baina azkenean biak Leitzan izango dira.

Kanporaketa batean, Zubiaga eta Kintana, Rodriguez II.a eta Irazabal, Mieltxo Mindegia eta Etxeberria II.a eta Pellejero eta Telletxea lehiatuko dira. Bestean, berriz, Alberdi eta Alkizalete II.a, Toledano eta Trillas, Zaldua eta Dorronsoro eta Erdozia eta Beltza izango dira.

Aizkolari hauek ere lan ezberdinak egin beharko dituzte, eta denetako denborak batu eta onena duenak lortuko du finalerdietarako txartela. Finalaren atarirako jadanik sailkatuta daude Eneko Otaño eta Eneko Saralegi, baita Iker eta Daniel Vicente ere.

Bi kanporaketa hauek ere estuak agertzen dira, eta hemen agian bai egin dezaketela min handia zutik jarritako enborrek, aizkolari hauetako askok ez dutelako eskarmenturik horrela jarritako enborrekin, nahiz eta lehen postua eta finalerdietarako txartela seguruenik ere iraupen proban erabaki beharko duten.