Floren Aoiz
JO PUNTUA

Mahai gainean kolpe bat eman nahi?

Duela aste guti izan genuen Kuba eta Ameriketako Estatu Batuen arteko harremanen inguruko hainbat aurrerapenen berri. Sumatzen genuen orduan hobe zela zuhur aritzea, inperialismoaren ibilbide luzeak ederki erakutsi digulako asmo zintzoetan sinestea inozokeria dela. Izan ere, AEBen estrategia orokorrak ez dira aldatu. Batzuetan urrats batzuk egiten dituzte aurrera ala atzera esparru batzuetan, baina argi dago zein den ildo orokorraren muina: inperioaren burua izan nahi dute, jakina!

Azken asteetako berriak aintzat hartuta, galdera potolo bat agertu da: azenarioa Kubarendako eta makila Venezuelarendako? Nabarmena da tentsioa areagotu nahi dutela Maduroren Gobernuaren kontra, maila guzietako erasoa bultzatuz. Finean, botere agerpena egin nahi dute, bide ezberdinetatik eta itxuraz kontrajarritzat har daitezkeen taktiken bidez, nork agintzen duen erakutsi nahi dute. Horregatik, Brasilen ere Gobernua estualdian jartzeko ekimenak bultzatzen dituzte, Argentinan ere bai. Garestia gertatzen da inperioaren nagusitasunari erronka botatzea: beti izan da horrela eta orain AEBek fronte asko dituzte irekita eta esparru militarrean ikusarazi nahi dute beste mailetan galtzen ari diren lidergoa.

Lokatzetan sartuta dabiltza yankiak munduko hainbat bazterretan, zituzten helburuak ezin asez. Afganistanen, Iraken, Sirian... puntu beroak ugaltzen dira eta, anartean, Txinaren geriza gero eta zabalagoa da.

Orain, TTIPen bidez Europa gehiago menperatzeko estrategia indartu nahi dutelarik, Errusiaren berrindartze ildoa Ukrainan leherrarazi nahi dutenean, Venezuela jarri dute mehatxuen jomuga. Eta arriskua ez da nolanahikoa, historiak esaten baitigu AEBen sendotze bidea gerlen araberakoa izan dela.

Neoliberalismoak, beharbada, sobera goiz eman zuen irabazitzat lehia. Berlingo Harresiaren erorketa eta erresistentzia guzien behin betiko indargabetzea nahastea akats handia izan zen. Azken urteotako harrokeriak erantzunak bikoiztu ditu eta gaur egun asko dira bestelako mundua nahi duten eragileak. Gai izanen dira AEBak denei aurre egiteko?

Fronte gehiegi, agian, azken garaietan porrot ozenak jaso ondotik. Baina inork ez dezala pentsa inperioak lehia galdutzat emanen duenik dituen baliabide guziak erabili gabe!