Patxi GAZTELUMENDI

UDAN, NEGUKO LITERATURA UZTA ATONTZEN

Udan ere lanean gogotsu aritzen dira asko. Esaterako, idazleak eta editoreak. Udazkeneko uztak argia ikus dezan uztailean buru-belarri aritu dira argitaletxeetako arduradunak, inprimategira sartu aurretik egin beharrekoak egiten, idazleekin biltzen, azalak aukeratzen, gero apalategietan ikusiko ditugun liburuak prestatzen. Durangoko Azokan aipatuak izango direnak lantzen.

Argitaletxeen artean erronda bat egin du GARAk, eta udazkenerako nobedadeen berri eman digute editoreek, uda garaian esku artean dituzten horiena. Laster inprentan beltza zuriaren gainean izango duten liburuekin jardun dira lanean uztailean, oporrak hartu aurretik. Udan, udazkenerako lanak prestatzen.

Txalaparta argitaletxean hasi da lanean Garazi Arrula tafallarra, eta aurtengoa lehen Durangoko Azoka izango da berarentzat. Aurretik standaren atzean egona da, bere liburu eta itzulpenekin.

Orain berak editatutakoak defendatuko ditu. «Ikasten, ikasten, nire adimena zabaltzen», erantzun zigun berak, Berri Txarrak taldearen kantua gogora ekarriz.

Eskarmentu handiagoa du argitalpen eta edizio kontuetan Xabier Mendigurenek, eta horrela mintzatu zitzaigun udako lanei buruz: «Udako lanak neguko lanen berdinak izaten dira berez: iristen diren originalak irakurri, horiei buruzko iritzi bat landu eta adostu; onartutako originalak zuzendu, txukundu, hobetu; ediziorako prest dauden lanen produkzioa zaindu –azala egitea, kontrazalak eta sinopsiak idaztea, maketazioa, maketazio hori zuzentzea…– baina diferentzia inportanteena da beste urte sasoi batzuetan erlojupean lan egin behar izaten dugula, liburu aurkezpenaren datari begira», eta bai guk ere lasaiago sumatu genuen Elkar argitaletxeko editore Mendiguren.

Leire Lopez Ziluaga Zarauzko Susa argitaletxearen egoitzan eta Ibarrangelun aritu da uztailean lanean. «Udazkenean argitaratuko dugun liburu pare baten edizio lanarekin ari naiz batez ere; horrez gainera, originalak irakurtzen ari naiz. Bestelako lanak ere badaude: liburuentzako azalak lotu, liburuak banatzailera eraman», zioen duela aste batzuk.

Ez da geldi egotekoa eta idazleak ere bisitatu ditu. Beraiekin aritu da bertatik bertara udazkenean publikatuko diren liburuei buruz solasean.

Horrela aritu zitzaigun Hedoi Etxarte iruindarra: «Gurean lan handietako bat izaten da editore lanak egiten hasi aurretik beste lanak amaitzea. Uztailean, esaterako, zerbitzari lanetan ibili ginen. Sanferminen kontura eta txirrindulari amateurren topaketa baterako catering lanak egiten».

Ondorengo asteetan udazkeneko liburuei heldu zien Katakrakeko kideak. «Liberazio bat izaten da edizio lanekin hasten garenean. Eskubideen kudeaketak egoten dira tartean –orain 2020 eta 2021ekoekin ari gara–, itzultzaileen bilaketa, hitzaurreen egileen bilaketa, banatzaileen eskariak bidaltzea, ordainketak, fakturak, diseinatzailearekin hurrengo azalak lotzen joatea». Baina funtsezkoenari ere heldu zion: testuak landu, zuzendu eta itzultzaileei proposamenak bidaltzea.

Idazleekin harremana

Garazi Arrulak aipatu zuenez, «urte osoko lana da idazleekin egotea, edo hala beharko luke, behintzat».

Eta zehatzago erantzun zigun Mendigurenek: «Berez urte osoan zehar bildu ohi gara idazleekin, esku artean dugun liburuak eskatzen duen guztietan. Hala ere, egia da aukera gehiago egoten dela udan, agendak ere libreago ditugulako, eta batzuetan aprobetxatzen dugu bai, elkartzeko».

Xabier Mendigurenek gogoan du inoiz «idazle jakin bat oporretan egoten den herrira ere joan izan dela, harekin egun-pasa egitera, bidean datorren liburu baten aitzakian honetaz eta hartaz solastatzeko». Aurten, baina, ez du halako txangorik egin beharrik izan.

Susa argitaletxeko Leire Lopezek aitortu zigun hartzen duela idazleekin egoteko tartea; «bi libururen edizio prozesuarekin ari naiz orain eta, beraz, idazleekin egon behar dut, eta ni mugitzen naiz beraiengana».

«Opor aurreko asteak lan handiko garaia dira, udazkena gero eta hurbilago dagoelako eta oporrak ere egin nahi ditugulako», gaineratu zuen Susako editoreak. Liburuak euskara zuzentzailearentzat eta maketatzailearentzat prest utzita, egun batzuetan hemendik kanpo da orain Leire. «Rafa Egigurenen ipuin liburu batekin eta Unai Elorriagaren nobela batekin ari naiz lanean», aurreratu zigun Susako editoreak. Udazkenean ikusiko dute argia bi liburuok.

Katakrak argitaletxean, berriz, batez ere itzultzaileekin lan egiten dutenez, harremana telefono bidezkoa eta telematikoa izaten da batez ere.

Liburu berriak esku artean

«Gauza bat baino gehiago daukat mahai gainean», aitortu zigun Xabier Mendigurenek. «Joxe Azurmendiren ‘Pentsamenduaren historia Euskal Herrian’, egilearen eskariz gu zuzentzen gabiltzana, nahiz eta ez den argitaletxe honetan aterako. Horrez gain, Iñaki Irasizabalen ipuin-bilduma bati hitzaurrea idatzi behar diot, Eneko Barberenaren nobela zuzentzen nabil eta itzulpen batzuk errebisatzen», kontatu zigun duela egun batzuk. Mahaia beterik zeukan Elkarreko editoreak bai, eta, horrez gain, udazkenean Karmele Jaioren nobela berria ere aterako dute, eta Xabier Etxeberriaren lehenengo ipuin liburua.

Susa argitaletxeak dagoeneko ia prest dauzka Rafa Egigurenen ipuin liburua eta Unai Elorriagaren nobela berria. Bitartean idazleekin harremanetan jarraitu du Leire Lopez Ziluagak.

Garazi Arrula ere, Tafallako uholdeetako auzolanean aritu ostean, Txalaparta argitaletxeko egoitzan aritu da uztailean. «Oraintxe irail-urrikoekin bukatu nahian nabil. Alde batetik, Ruben Sanchezen lehen eleberriari azken zuzenketa egiten, ‘Hondarrak’ izenekoa, irailean aurkeztuko duguna; bestetik, Danele Sarriugartek euskaraturiko ‘%99aren alde. Manifestu bat’ testua zuzentzen, Cinzia Arruza, Tithi Bhattacharya eta Nancy Fraser-en saiakera laburra. Horiez gain beste hamaika testu ditugu esku artean, bai urtea bukatu aurretik aterako direnak, bai hurrengo urterako aurreikusi ditugunak», kontatu zigun duela aste batzuk. Argitaletxe handia da Txalaparta. Gaztelaniaz titulu asko publikatzen ditu, baina euskaraz ere sendotzen ari dela dirudi. «Zehazturik ditugu, noski, urtea amaitu arteko argitalpenak –azpimarratu zuen Garazi Arrulak–. Batetik, haur literaturan bizpahiru titulu aterako ditugu, eta horietako lehena izanen da ‘Karl Marxen kapitala’ itzulpena, teoria ekonomikoaren oinarrietara hurbiltzeko ipuina; helduen literaturan, aurretik aipaturiko bi titulu horiez gainera, azaroan aterako dugu Eduardo Galeanoren ‘Emakumeak’, Mikel Vilchesek euskaraturikoa, eta, abenduan, berriz, Adur Larrearen eta Harkaitz Canoren ‘Antzara eguna’ komikia. Horiez gain, eta euskal literatura delako aipatuko dut, Mikel Antzaren ‘Atzerri ‘gaztelaniaz aterako dugu irailean bertan, Roberta Gozziren itzulpenean, ‘En país extraño’ izenburuarekin».

Galtzak bete lan izan dute Tafallan ere. Eta ez gutxiago Iruñeko Kale Nagusiko Katakrak liburu-dendako goiko sotoan. Pantaila aurrean jo eta su aritu dira eta jarraitu beharko dute atsedenaldiaren ostean Hedoi Etxartek aipatutako liburu berri guztiak gobernatzeko. Lau liburu berri argitaratuko ditu Katakrakek euskaraz aurten: hiru saiakera eta nobela bat. Denak euskarara itzuliak. «Eva Illouz-en bi testurekin osatutako liburu bat itzuli du Danele Sarriugartek, harribitxi bat: ‘Arimaren etorkizuna’ eta ‘Estandar emozionalen sorrera’. Barbara Ehrenreich eta Deirdre English-ek 1973an historiari eta feminismoari buruz idatzitako klasiko bat itzuli du Maria Colerak: ‘Sorginak, emaginak eta erizainak’. Emakumezko sendalarien historia bat. Ryszard Kapuscinski kazetari mitikoa itzultzen ari da Amaia Apalauza: ‘Kristo fusilarekin’. Eta Ane Irazabalen hitzaurrearekin argitaratuko dugu. Horrez gain, Fernando Rey Nanni Balestriniren nobela ezagunarekin ari da, ‘Den-dena nahi dugu’ frenetikoarekin».

Uztailean lanean aritu, udazkenean argitaratuko den uzta prestatzen. Oporretatik bueltan labetik atera berriak diren letrak irakurtzeko moduan izango ditugu.