09/08/2019

Gobernagarritasunaren ardura 50 parlamentariengan jarri du Chivitek
GARA|IRUÑEA

Nafarroako lehendakari gisa daramatzan lehen orduetan, aktualitateari errepasoa egin zion Maria Chivitek SER irrati kateari emandako elkarrizketan.

Bera buru duen Gobernuari dagokionez, azpimarratu zuen Exekutiboaren «lehentasunezko solaskideak» bere kideak izango direla. Hala ere, Nafarroaren gobernagarritasuna 50 parlamentariei dagokiela nabarmendu zuen. «Erantzukizuna guztiona da», esan zuen.

EH Bilduren inguruan galdetuta, «erakundeen parte dela eta Nafarroan udal gehien dituen indarra» dela aitortu zuen. Bere inbestidurak aurrera egin zezan koalizioak eman zituen bost abstentzioen trukean «inolako kontraprestaziorik» ez dela egon argi utzi nahi izan zuen lehendakari nafarrak.

PPren bozeramaile Cayetana Alvarez de Toledorentzako kritikak ere izan zituen Nafarroako Gobernuko buruak eta «politika egiteko besteren mina» erabili izana txarretsi zuen.

Bihar espetxean 1.000 egun beteko dituzten Altsasuko gazteen kasuaz ere galdetu zioten, baina epaien inguruko irakurketa politikorik ez duela egin nahi erantzun zuen. Nolanahi ere, gaineratu zuen «argi» daukala «hura ez zela tabernako liskar soil bat izan».

Sailen osaketa

Maria Chivite buru duen Gobernuak atzo egin zuen lehen bilkura, bideari ekin ahal izateko lan ildo nagusiak antolatzeko helburuarekin. Lehendakariak berak eta Exekutiboa osatzen duten hamahiru sailburuek parte hartu zuten bileran.

Gobernua asteazkenero biltzea erabaki zuten eta, beraz, alde horretatik ez da aldaketarik izango aurreko legealdiarekiko.

Hilaren 14an elkartuko dira berriro eta, Maria Chivite lehendakariak hala eskatuta, egun horretarako hamahiru sailburuek beren arloetako egitura zehaztuko duen foru dekretuaren proposamen bana eraman beharko dute hitzordu horretara.

Bertan zuzendaritza nagusiak eta sail bakoitzak bere gain hartzen dituen erakunde autonomoak zerrendatzen dira, besteak beste, goi kargu bakoitzerako dagokion izendapena egin ahal izateko.