@mtxintxurreta

Errefuxiatu eta migranteendako Martin Etxea izeneko harrera etxea aurkeztu dute Gallartan

Marokotik etorritako hiru familia Gallartako Martin Etxean bizi dira jadanik, hirurak pobrezia egoera batetik ihes egin asmotan Euskal Herrira etorritakoak. Laugarren familia bat hartzeko asmotan dabiltza antolatzaileak.

Martin Etxeako kideak, ostegunean egindako aurkezpenean (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Martin Etxeako kideak, ostegunean egindako aurkezpenean (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Ostegun arratsaldean aurkeztu zuten Mundubat, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Artea Gara eragileek Gallartako Santa Juliana auzoko migrante eta errefuxiatuendako harrera etxe berria auzoko Kultur Etxean. Pobrezia, gerrate edo jazarpen politikoagatik erbesteratutako familiei aterpe ematea du helburu eta, egiaz, otsailetik Martin Etxean hiru familia bizi dira, hamasei pertsonarena orotara. 

Ez da lehen aldia, baina, Martin Etxea martxan jarri dela. Historia luzea du ekimen honek, Martin Markiegiren bizitzari estuki lotutakoa. Markiegi auzotarra aurtengo otsailean minbiziak jota hil zen, baina Martin Etxea sortzeko baliabide guztiak prest utzita. Haren omenez jarri diote izena harrera etxeari. Bizitza eman zuen harrera etxeen bueltan, eta 1969an ireki zuen lehenengoa, apaiz sartu baino urte gutxi lehenago. Aurten ireki berri dutena laugarrena da jada Santa Juliana auzoan.

«Minbiziak jota hil da aurten, eta hil aurretik erabaki zuen, etorkinek sufritzen duten egoera larria ikusita, etxe hori beraientzat prestatzea», azaldu du Eneko Gerrikabeita Mundubateko presidenteak. Horrela, Markiegi, bere bizitzaren azken hilabeteetan, bere etxea harrera etxe bilakatzen hasi zen, eta otsailean zendu zenean, aipatu hiru erakundee bere ondareari heldu zioten eta laugarren Martin Etxea berrabiarazi.

Hogei pertsona inguru hartzeko gaitasuna dauka etxeak, Gerrikabeitaren esanetan. Hamasei bizi dira orain, baina beste familia bat hartzekotan daudela iragarri du. Egun Martin Etxean bizi diren familiek Maroko utzi behar izan zuten pobreziatik ihesi, baina artatuko duten familien profila zabaldu asmo dute antolatzaileak. Batez ere, jatorriko herrialdean gatazka politikoengatik jazarritako pertsonei irekiko dizkiote ateak.

Horiek guztiak artatzeko, eta nahiz eta jakin Gallartakoa «oso ekintza xumea» dela, Gerrikabeitak ezinbestekotzat jo du berau sendotzeko «sare indartsu bat osatzea», bai erakundeen artekoa, baita auzotarrekin ere.

Sukaldekoak

Martin Etxeako sukaldean ez dira edonolako istorioak entzungo. Atzo Pobreziaren egunaren karietara egin zuten aurkezpena, eta harrera etxean bizi diren pertsonek haien esperientziak kontatu zizkioten bertaratu ziren 100 pertsonei. «Kontatu ziguten hango lan faltagatik ez zutela diru iturririk, eta erabaki zutela handik alde egitea. Emakume bat, adibidez, umea galtzear egon zen, ez zeukalako dirurik konponketa bat ordaintzeko», agertu du Gerrikabeitak.

Iritzi du «etorkinen arazoa sistema honen arazoa» dela, eta instituzioen paralisiaren eta globalizazioaren aurrean «elkartasuna dela tresna egokiena».