Gaur8

Menu olinpikoak Eneko Atxaren sukaldean

Tokio 2020ko Olinpiar eta Paralinpiar Jokoei begira sortutako menuak prestatu dituzte hainbat kirolarik Larrabetzuko ‘Eneko’ jatetxean egindako Show Cooking-ean.

Basque Team Fundazioko kirolariak, Eneko Atxarekin batera menuak prestatzen (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Basque Team Fundazioko kirolariak, Eneko Atxarekin batera menuak prestatzen (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Basque Team Fundazioko kirolariak Eneko Atxa bost Michelin izar dituen sukaldariaren “Eneko” jatetxean izan dira astearte goizean, sukaldariak beraientzat diseinatutako bi menu prestatu eta dastatzen.

Xabier Leibar Fundazioko arduradun biomedikoaren nutrizio-gomendioei jarraituz, sukaldariburuak bi menu sortu ditu goi-mailako lehiaketei aurre egiteko atletek behar dituzten elikadura-ekarpen guztiekin. Lehenengo menuan tartare begetala, azpizuna sagarrarekin, azalorearekin, perretxikoekin eta Idiazabal gaztako gnokiekin, eta arroz-esnea prestatu dituzte; bigarren menuan, berriz, arrain marinatua eta ozpin-olioa, baserriko arrautza gorringoa gari-estofatuaren gainean eta karamelizatutako torrada.

Maialen Chourraut, Ander Elosegi eta Joan Crespo piraguistek, Elena Loyo, Arantza Moreno eta Carlos Tobalina atletek, Ian Ponciano skaterrak, Asier Garcia saskibaloi jokalariak, Aitor Francesena surflariak, Jon Carazo arraunlariak, Mikel Linacisoro eskalatzaileak, Rakel Mateo paratriatletak, Barbara Pla eta Igor Genua errugbi jokalariek, Juan del Campo eskiatzaileak, Irantzu Garcia curling jokalariak eta Basque Team-eko enbaxadore diren Maider Undak, Naiara Gomezek, Patxi Peulak eta Richard Oribek hartu dute Atxaren menuak prestatzeko lana.

Horietatik batzuk 2020an Tokion egingo diren Olinpiar Jokoetara joatekoak dira, eta elikadura kirol errendimendua hobetzeko akuilu izan daitekeenez, nutrizio eskakizunak betez baina zaporea alboratu gabe prestatu ditu Eneko Atxak bi menuak.

«Gure lana da gure ezagutza gizarte-ongizatearen alde erabiltzea, pertsonen beharretara egokituz», esan du Eneko Atxak. Proiektu honen ordainsariak Basque Know How Fundazioari emango dizkiola jakinarazi du. Fundazio horrek garapen iraunkorrarekin konprometitutako lan-eredua zabaltzen eta sustatzen du, eta euskal kultura-ondarea eta haren adierazpenak babesten laguntzen du.