Gaur8

Errehabilitazio aurreratuko sistemak garatzeko laborategia ireki du Tecnaliak

Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikorako zentroak abian jarri du mugimenduaren analisirako Estatu espainiarreko lehen laborategia. Teknologia «aitzindariaz» hornitua, giza mugimenduaren azterketa sakona egiteko aukera ematen du laborategiak, bereziki gaixotasun neuromuskularrak dituzten pertsonena.

Esklerosi anizkoitza duen emakumea, laborategian frogak egiten. (Gorka RUBIO/FOKU)
Esklerosi anizkoitza duen emakumea, laborategian frogak egiten. (Gorka RUBIO/FOKU)

Miramongo parke zientifikoan dagoen entseguetarako gune berria asteon aurkeztu du Tecnaliako Osasun zuzendari Jesus Valerok. Ekitaldian parte hartu zuten Lakuako Teknologia eta Berrikuntzako sailburuorde Estíbaliz Hernáezek, bi ikertzailek eta esklerosi anizkoitza duen gaixo batek, zeinak erakustaldi batean parte hartu baitzuen osatzen lagunduko dion exoeskeleto batekin.

Valerok esan zuenez, Estatu espainiarreko mugimenduaren analisi «aurreratuena» eta «munduko hirugarrena» duen laborategia da, teknologia «aitzindariak» erabiltzen baititu gorputzeko hainbat atalen jarreraren neurketa zehatzak egiteko, baita kanpoko indar edo estimuluenak eta muskuluen aktibazioak eta garuneko jarduerarenak ere.

Proben emaitzak tratamendu eta erreminta medikoen hobekuntzan eta optimizazioan aplikatuko direla segurtatu zuen Valerok, eta horiek errehabilitazioaren onurak areagotuko dituztela. Horrek, besteak beste, iktusak edo esklerosi anizkoitzak eragindako kalte neuromuskular eta muskuloeskeletikoak dituzten pazienteen bizi-kalitatean «hobekuntza» ekarriko duela nabarmendu zuen.

Neurorrehabilitazioaren esparruko aplikazioez gain, azpiegiturak laneko osasunaren zerbitzura ere lan egin ahal izango duela gaineratu zuen Tecnaliako Osasun zuzendariak. Arreta jarri dute, hala, pisuak altxatu edo postura behartuak mantendu behar dituzten langileengan, lesio muskuloeskeletikoak prebenitzeko gailuen garapena sustatuz.

Esklerosi anizkoitza

Aurkezpenaren ostean, Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteko (Adembi) esklerosi anizkoitza duen emakume baten errealitatea ezagutarazi zuten.

Pazienteak bere errekuperazioan laguntzeko diseinatutako exoeskeletoa erabili zuen laborategiaren gaitasunak frogatzeko. Laborategiak giza gorputzaren mugimendua aztertu eta modelizatzen du, «gaixoarentzako tratamendu egokia eta gailu berrien garapena errazteko».