Gaur8

Nawat komunitatearen hizkuntza plana, euskaran oinarrituta

Emun euskara eta berrikuntza soziala batzen dituen kooperatibarekin elkarlanean nawat hizkuntzaren plana garatzen ari da Garabide, Mexikoko Tosepan kooperatiba taldean baitan.

Garabide eta Emun, nawat komunitatearekin hizkuntza lankidetzan. (Garabide)
Garabide eta Emun, nawat komunitatearekin hizkuntza lankidetzan. (Garabide)

Bidaide programaren bidez Garabidek zubi lana egiten du eta tokian-tokiko hizkuntza biziberritze beharrei erantzuten die Euskal Herriko aditu eta arituen laguntzaz. «Testuinguru horretan, hain zuzen ere, sortu zen duela urte eta erdi Mexikoko nawat hizkuntza komunitatean, zehazki Puebla estatuko Tosepan kooperatiba taldearen baitan, hizkuntza plana garatzeko premia», azaldu dute Garabidetik.

2006tik ari ziren Tosepanen nawat hizkuntzaren biziberritze lanetan, baina 2018an erakundearen baitan hizkuntza plana garatzeko erabakia hartu zuten. Prozesu horretan euskara planak «erreferente» izan zitekeela pentsatuta, Garabideren bitartekaritzarekin Tosepan eta Emun batu zituen proiektu honek 2018an.

Nawat komunitatea Mexikoko Puebla estatuko mendizerran bizi da eta eremu zabalean 1.500.000 hiztun inguru ditu. Halaber, komunitate honetan «berebiziko presentzia eta garrantzia» du Unión de Cooperativas Tosepan Titataniske (“Elkarrekin irabaziko dugu” nawat-eraz) izeneko kooperatiba elkarteak. Eskolak, ekoturismo zerbitzuak eta kreditu kooperatibak ditu martxan eta, horrekin batera, 200dik gora komunitatetan dituen kooperatiba lokaletan 40.000 familiak parte hartzen dute.

Eboluzioa eta formazioa

Duela urte eta erdi eman zioten hasiera Garabidek, Emunek eta Tosepanek hizkuntza planari; eta Garabide nahiz Emuneko ordezkariak Mexikora bidaia egin zuten nawat komunitatearen hizkuntza-diagnosia egiteko. Orain, bertan daude bigarrenez, eta igandean itzuliko dira.

Egonaldi honetan, nawat planaren ebaluazioa egitea eta kooperatiba taldearen baitako espazio ezberdinetan formazioa ematea dute helburu. Formazioari dagokionez, bi gairen bueltakoak dira nagusiki ikastaroak: hizkuntza aktibismoa eta hizkuntza ekologia.

Planaren ebaluazioari dagokionez, lehentasuna eman nahi izan diote indarguneak eta ahulguneak aztertzeari. Indargune gisa ondokoa nabarmendu dute: «Talde motorreko –Euskal Herriko testuinguruan euskara batzordearen parekoa– kideak hizkuntzaren aktibistak dira, egunerokotasunean interesa erakusten dute, talde ona osatzen dugu».