Gaur8

Diasporara zabaldu du euskararen eguna Etxepare Euskal Institutuak

Bertsolaritza, feminismoa, argazkilaritza edo gastronomia. Euskararen egunaren karietara eta euskal kultura nazioartera zabaltzeko asmoz, ekintza desberdinak antolatu dira Europa eta Amerikako hamaika hiri desberdinetan.

Boiseko euskal etxearen alde bat. (Arg.GETTY IMAGES)
Boiseko euskal etxearen alde bat. (Arg.GETTY IMAGES)

Etxepare Euskal Institutuaren nazioarteko irakurletza sarearen baitan antolatutako kultur programen bidez, aurten, hamaika hiritan antolatu dituzte euskal kultura edota hizkuntzarekin erlazionaturiko izaera ezberdineko ekintzak. Txileko Santiago, Boise, Mexiko Hiria, Poznan, Helsinki, Paris, Frankfurt, Chicago, Berlin, Konstantza eta Bartzelona izango dira hiri horiek. Azaroaren 25etik ari dira ekintzak antolatzen, eta abenduaren 16ra bitarte bizirik egongo da euskara Europako eta Amerikako lurraldeetan.

Bartzelona izan da ekitaldiekin hasten lehena: bertsolaritza, feminismoa eta film laburrak izan dira protagonista iragan astean. Txileko Santiagon ere, munduko txoko ezberdinetako sukaldaritzari lotutako ekimena antolatuko zuten azaroaren 30ean, euskal gastronomiari garrantzia berezia emanez. Gaur, berriz, Estatu Batuetako Boise hirian euskal zinema proiektatuko dute eta, bihar, euskararen egunean, euskal gaien inguruko argazkilaritza txapelketa baten finala izango da.

Mexiko Hirian ere izango da ekintzarik; euskal ipuingintzan oinarritutako antzerki rallya antolatu dute, azaroan zehar garatu dena, eta euskararen egunean bertan ospatuko dute rallyaren finala. Egun berean, Chicagon, euskara eta feminismoa ardatz dituen hitzaldia izango dute eta, horren atzetik, pintxo-jatea. Halaber, Berlinen ere ekitaldi interesgarria antolatu dute euskararen egunean, arratsaldez: euskara ikastaro laburra eta poesia-irakurketa izango dira, jatekoaz eta edatekoaz gain. Alemanian jarraituz, Konstantza hirian euskararen txokoa antolatuko dute Unibertsitatean, euskal hizkuntzari eta kulturari buruzko informazioa banatuz eta pintxoak eskainiz; baita film emanaldia ere.

Era berean, Helsinkin, euskararen egunaren ospakizun jaialdia egingo dute ostegunean, herri kirolak, euskal dantza, kontzertua eta beste hainbat tradizio praktikan jarriz. Parisen, dokumental baten proiekzioa eta euskal kantagintzari buruzko hitzaldia antolatu ditu irakurletzak ostiralerako; baita bertsolaritza-tailer praktikoa ere. Azken-aurreko ekintza Frankfurten izango da: euskarazko rapari buruzko hitzaldi musikatua egingo dute, eta ostera praktikan jarri, La Basuren eskutik. Amaitzeko, Poloniako Poznan hirian, batetik, euskal gaiei buruzko erakusketa bat eta film laburren emanaldiak izango dira abenduaren 3an; eta, hilaren 16an, bestetik, hizkuntza eta kolektibo gutxituetako ikus-entzunezko eduki digitalei buruzko mahai ingurua.