Gaur8

Desgaitasuna duten pertsonen egoera ezagutarazi du Fekoorrek bere 40. urteurrenean

Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunean 40 urte bete  ditu Fekoor federazio bizkaitarrak. Ekitaldi baten bitartez, desgaitasun egoerak ezagutarazi eta aurrera begirako urratsak finkatu ditu.

Fekoorrek Bilbon egindako ekitaldia.
Fekoorrek Bilbon egindako ekitaldia.

Fekoor Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileak ekitaldi batekin ospatu du astearte goizean, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunean, bere 40. urteurrena. Alta, ospatzeko ez ezik, aldarrikatzeko asko duela gogorarazi dute federazio bizkaitarreko ordezkariek, eta aniztasun funtzionaldun pertsonen errealitatea ezagutarazteko aprobetxatu du ekitaldia.

Datu ugari eman dituzte. Diotenez, egun 64.918 pertsonak dute desgaitasunen bat Bizkaian; 37.285 gizonezko eta 27.633 emakume. Gehienak, desgaitasun fisikoa edo organikoa daukate (%52), eta %21ak buruko gaixotasunen bat dauka. %16 dira gaixotasun sentsorialak dituzten pertsonak, eta %9 gaixotasun intelektualdunak.

Bestalde, agerian utzi dute desgaitasunen bat duten pertsonek lan munduan pairatzen duten egoera larria. Ezagutzera eman dutenez, desgaitasuna duten pertsonen artean hamarretik hiruk baino ez dute nomina. «Guztira, 27.356 langilek; eta horien artean 10.000 enplegu-zentroetan ari dira lanean. Estatuko enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako ”Desgaitasuna duten pertsonen lan merkatuko txostenak” jasotzen duenez, EAEn 5.310 pertsona daude langabezia egoeran, eta horietako 1.726 Bizkaian erroldatuta daude».

Egoera honen aurrean, neurri ugari proposatu ditu Fekoorrek: «Desgaitasuna duten pertsonak lan munduan txertatzeko enplegu politika aktiboak garatzea, lehentasunez eta lan arruntaren esparruan; desgaitasun fisikoa edota organikoa duten pertsonak lan mundu arruntean txertatzeko neurriak sustatzea, hots, desgaitasuna duten pertsonak aldi baterako edo epe luzerako kontratatzen dituzten enpresak sarituz; edota, lanpostuak egokitzeko politikak babestea eta sustatzea».

Trantsizio Plana

Federazioko arduradunek aurreratu dutenez, Bizimodu Independenterako Trantsizio Plana «bukatzen» ari dira. Eta planarekin batera, Bizimodu Independenterako Zerbitzu eta Laguntza zorroa garatzeko oinarriak jartzen ari dira. Helburua ere argitu dute: «Egun indarrean dagoen gizarte-laguntza eredutik laguntza integralera salto egiteko urratsa eman nahi dugu. Gure asmoa da datorren urte hasieran aurkeztea; zerbitzuak eta laguntzak uztartzeko aukera aldarrikatzen du, beti ere pertsona orok dituen beharren eta nahien arabera», azaldu dute.

Aitortzak

Aldarrikapenaz gain, ekitaldian bi aipamen egin dituzte: lehena, Iñigo Pombori; eta bigarrena, Osakidetzako Kolon eta ondesteko minbizia prebenitzeko programari. Pombok omenaldia jaso du federazioan eta Administrazioko lanpostuetan egin duen ibilbideagatik eta horren ostean hartu dituen ardurengatik: «Jubilatu berritan, desgaitasuna duten pertsonen alde egindako lanagatik jendaurreko aitortza egin nahi diogu».

Osakidetzako Kolon eta ondesteko minbizia prebenitzeko programak, berriz, FEKOOR Saria Vida Independiente 2019 jaso du gizarteari egiten dion ekarpenagatik. «Programaren helburua lesioak sasoiz eta minbizia hasierako faseetan detektatzea da, eta minbizia mota horri dagokion heriotza-tasa gutxitzea. EAEn urtero, bataz beste, 1.800 kasu antzematen dira; emakumeen artean, gehien diagnostikatzen den bigarren minbizia mota da, bularretakoaren ondoren; eta gizonezkoen kasuan ere, prostatakoaren ondotik, kasu gehien dituena da».