Gaur8

Doktorego tesien defentsa telematikoki egiteko aukera zabaldu du EHUk

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) salbuespenezko ebazpen bat onartu du, Covid19aren epidemiari lotutako neurriak indarrean diren bitartean doktorego tesien defentsak bideokonferentziaz egin ahal izateko.

EHUren Leioako kanpusa, koronabirusaren garaian. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
EHUren Leioako kanpusa, koronabirusaren garaian. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Koronabirusaren ondorioz ezarritako konfinamenduaren neurria dela eta, EHUk, Graduko eta Gradondoko Ikasketen arloko Errektoreordetzaren bitartez, salbuezpenezko neurriak indarrean diren artean doktorego tesien defentsa bideokonferentziaz edo bestelako online bitartekoez egin ahal izatea baimendu du.

Egokitzapen hau pasa den martxoaren 13an jarri zuten indarrean eta 10 doktorego tesi defendatu dira ordutik. Asteazkenean, ebazpen bidez onartu zuten behin-behineko neurria.

Ruth Prieto Monterok pasa den martxoaren 13an defendatu zuen bere tesia (Novel systems for bioimaging and photodynamic therapy: BODIPY dyes and silica-based nanocarriers) Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Epaimahaikideetako batek defentsa bertatik bertara jarraitu zuen, eta beste biek, aldiz, modu telematikoan. Covid19aren ondoriozko murrizketak ezartzen hasi ziren astean izan zen, eta, beraz, prozedura berria izateak arazo batzuk ekarri zituen, defentsa egin ahala sortu eta konpondu behar izan zirenak. «Metodo bat baino gehiago probatu genuen, Blackboard Collaborate topatu genuen arte. Sistema erabilerraza iruditu zitzaidan, eta, egoera kontuan hartuta, kezka nagusia nire defentsa esandako egunean egin ahal izatea zen».

Eguna iritsi, eta guztia ondo atera zen. Eragozpen teknologikoak konponduta, ez zuen alderik sumatu tesiaren defentsa telematikoa egiterakoan, bai ordea inor gabeko areto bati aurre egiteko garaian, ez baitzen ohiko egoera. «Tesi orok berekin dakarren lan eta ahalegin handia eta gero, defentsa telematikoa eta ia ateak itxita izateak nahi adinako “buruargitasunez” ez aritzea eragin zidan. Esaterako, ezinezkoa izan zen nire familiakoak eta lagunak ekitaldian egotea, eta une hori haiekin bizi nahi nuen», dio doktore berriak.

«Baldintza normaletan, zaila da epaimahaikide eta zuzendari guztiak bat etorriko diren datak topatzea, doktorego tesiaren defentsa ekitaldia antolatzeko. Egungo baldintzetan, egun egokia topatzea are zailagoa da», jakinarazi du EHUk ohar batean. Horretarako, Unibertsitateak modu telematikoan egiteko aukera eskainiko du.

«Jakina, ez da nire doktorego tesia egiteko pentsatuta neukana –dio Ruthek–. Baina, zalantzarik gabe, defentsa egin ezin ez eta eperik gabe atzeratzea baino nabarmen hobea da. Gainera, nire doktoreaurreko kontratua otsailean amaitu zen, eta, zorionez, ikertzaile kontratua egin didate lanean ari nintzen ikertaldean. Bestela, langabezian nengoke, nire doktorego tesia noiz defendatuko zain. Egoera aski etsigarria litzateke. Beraz, era horretan egingo nuke berriro, eta horrela egitea gomendatzen dut».