GAUR8

Zer gertatzen da koronabirusa Twitterreko pertsonaia bihurtzen denean?

Koronabirusaren krisiak sare sozialetan topatu du ihesbideetako bat. Osasun-langileak, pazienteak, etxean konfinatuta daudenak... asko dira sare sozialen leihoa zabaltzen dutenak. Horien artean bada twitterren erabiltzaile berezi bat: @CoronaVid19. Birusaren izenean hitz egiten du, umorez.

Sare sozialek paper garrantzitsua dute krisi honetan
Sare sozialek paper garrantzitsua dute krisi honetan

Krisi globalak aurrera egin ahala, koronabirusak istorioak ugaritu egiten ditu sare sozialetan. Pazienteek, osasun-langileek eta etxean konfinatutako pertsonek salbuespenezko egoera baten testigantzak partekatzen dituzte. Eta, kontakizun horien guztien artean, bat berezia agertzen da: @CoronaVid19 erabiltzailearena Twitterren, birusaren fikziozko pertsonifikazio bat, epidemia denbora errealean umorearen bidez kontatzen duena. UOCko ikertzaileak fenomenoa aztertzen ari dira, krisiaren inguruko eztabaida kolektiboan duen eragina zehazteko.

@CoronaVid19 kontua otsailaren 24an estreinatu zen Twitterren, Estatu espainolean koronabirus bidez kutsatutako pertsonen lehen kasuen agerpenarekin batera. Bere lehen bi egunetan bolbora bezala zabaldu zen sare sozialetan eta 400.000 jarraitzaile baino gehiago izan zituen. Hilabete geroago, 735.000 jarraitzaile baino gehiago ditu, eta 500 txio baino gehiago argitaratu ditu. Lehen unetik, Espainiako krisiaren gaurkotasuna kontatzen du, birusa bera balitz bezala idazten duen tonu sarkastikoko komentarioen bidez.

Pertsonaia birtualak hasieratik adituen arreta bereganatu du; nola eboluzionatzen duen pertsonaiaren kontakizunak, nola lotzen den gaurkotasunarekin, nola interakzionatzen duen beste erabiltzaileekin eta zer ondorio sortzen dituen bere publikoarengan, adibidez, bere umoreak pandemiaren beldur kolektiboa samurtzen laguntzen ote duen.

Umoreak gauza arina dirudien arren, badu bere pisua. Kezkatzen gaituen zerbaiti aurpegia jartzeko modu bat da, inpotentzia edo ziurgabetasun sentimenduak bideratzeko modu bat, hausnarketarako tresna bat.

Erregistroa menperatzen du

Adituak gertutik ari dira jarraitzen @CoronaVid19 erabiltzailearen ibilbidea.«Oraindik ez dakigu nor dagoen atzean, baina erregistroa oso ondo menperatzen duen pertsona dela pentsatzen dugu. Hasieratik, ez du muturrera eramaten umore beltza, eta oso gako kostunbrista du. Jendeak eta politikariek egiten dutena azaltzen du, eta, funtsean, irribarre bat atera nahi digu», adierazi dute ikertzaileek.

Bere beste ezaugarri nagusietako bat bere mezuak gaurkotasunarekin lotzen dituela da, bai komunikabideetako albisteak aipatuz, bai egunez egun gertatzen dena zuzenean komentatuz. Adibidez, konfinamendua hasi zenean, «Non zaudete?» txiokatu zuen. «Mezu horrekin, umorea egiteaz gain, konfinamenduaren aldeko ideia zabaltzen du. Ondo egiten ari den jendea indartzen du», nabarmendu dute. Aldi berean, beste txio batzuetan kriterio sozialaren papera hartu du; ironiaz, itxialdia serio hartzen ez duten pertsonen jokabide arriskutsuak kritikatu ditu edota egoera baliatu duten politikari batzuen mezu arrazistak edo demagogikoak salatu.
Ez du asko elkarreragiten beste erabiltzaile batzuekin eta gutxiago erakunde ofizialekin. «Kontu serioen eta umorezko kontuen artean nolabaiteko distantzia mantentzeko interesa dago, autobabeserako modu gisa», iritzi diote ikertzaileek. Gainera, azken asteetan, egoeraren larritasuna nabarmenduz joan den heinean, tentuz ibiltzeko joera hartu du. «Egunean txio gutxiago egiten ditu, eta oso zuhurrak dira, umore beltzaren eraginez erreakzio ezkorrik ez sortzeko. Lehen, erabiltzailea askoz arduragabeagoa zen infekzioez hitz egitean; orain, ez du askorik hitz egiten horri buruz».
Fenomenoak eragin nabarmena izan du eta dagoeneko antzeko berrehun bat kontu sortu dira. Horien profila eta garapena ere ikertzeko asmoa dute adituek. Finean, istorioek garrantzia handia dute mundua ulertzeko dugun moduan eta teknologiak paper garrantzitsua dauka istorio horiek kontatzeko orduan.