Mikel AGINAGALDE

Osasuna oinetatik bertatik sustraitzen

Usurbilgo Oinutsik podologia zentroko Naiara Fernandezek oinen osasuna zaintzearen garrantzia azpimarratzen du eta jendeak gai horren inguruan duen gero eta kontzientzia handiagoa txalotzen du

Juan Carlos RUIZ | FOKU
Juan Carlos RUIZ | FOKU

Naiara Fernandez eibartarrak hamasei urte daramatza podologo gisa lanean. Hasieran Donostiako kontsulta batean aritu zen, baina 2012az geroztik, ama izan ostean, Oinutsik podologia zentroa zabaldu zuen Usurbilen. Oinen osasuna zaintzearen garrantzia azpimarratzen du eta jendeak gai horren inguruan duen gero eta pertzepzio eta kontzientzia handiagoa nabarmendu eta txalotzen du.
Asko eta askotarikoak dira herritarrek dituzten oinetako arazoak gaur egungo gizartean, Oinutsik zentrora gerturatzen diren pazienteen diagnostikoak ikustea besterik ez dago. «Nire kontsultan oinetako patologia guztiak tratatzen dira; esaterako, helomak, infekzioak, onddoak, papilomak, ultzerak, silikonazko ortesiak, plantilla edo zolak. Bestalde, azterketa biomekanikoak edo azterketa posturalak ere egiten dira», dio Fernandezek. Hala ere, lesio ohikoenak helomak eta azazkaletako arazoak izaten omen dira, eta gero eta gehiago dira zola edo plantillen beharra duten pertsonak.
Fernandezen arabera gainera, egunerokoan era guztietako patologiak ikusten badira ere, bereziki ohikoak dira kiropodiak. Horrez gainera, azterketa posturalek ere gero eta harrera hobea dute, oinetatik abiatuta gorputz osorako hobekuntza lortzen baitu pazienteak.

Askotariko pazienteak
Adin guztietako pertsonak bertaratzen dira Oinutsik podologia zentrora. Hala ere, Fernandezek dioenez, azken urteetan etxeko txikienen kontsulta kopuruak gora egin du. «Badirudi gurasoak gero eta kontzienteago direla haurren arazo posturalak adin txikietatik artatzen hasteak dituen onurez».
Bestetik, asko eta asko dira Oinutsik podologia kontsultara joaten diren kirolariak ere. Horietako batzuek prebentzio saioak bilatzen dituzte, eta beste batzuek, berriz, lesionatu eta gerokoak. «Lesioen kasuan maiz errepikakorrak izan ohi dira tratamenduak, behin eta berriz artatu arren, berriz agertzen baitira. Horrelakoetan, azterketa postural baten bidez, arazoaren muinera edo sortze arrazoira jo dezakegu eta huts egiten duen kaptorearen arabera, kasua dagokion profesionalari bideratu. Adibidez, paziente bat oineko fasziitis batekin datorrenean, izan liteke pauso txar batek sorturikoa, edo izan liteke gorputz sistemaren beste atal batean sorturiko gabezia baten ondorioa. Lesioaren jatorria ezagutzeko behar dugu azterketa posturala, gaitza sendatuko ez duten tratamenduak ekiditeko», dio Fernandezek.

Jendarte kontzientziatua
Naiara Fernandezek uste du, bestalde, herritarrek egun informazio ugari dutela eskura oinen osasunari buruz, eta gainera, oinen osasuna zaintzearen ezinbestekotasuna ongi ikasia daukatela. «Nire iritziz, azken urteetan jendea bere osasunaren ardura handiagoa hartuz doa, eta hein horretan, oinak osasuntsu izatearen garrantzia ere barneratuagoa dago gizartean».
Hala, ukaezina da oinak zaintzeak berebiziko garrantzia duela, oro har, osasunean. Horren harira, Fernandezek zera nabarmentzen du: «Dudarik gabe, oinarrizkoa da oinen osasuna zaintzea. Oinutsik zentroan oinak modu integral batean ulertzen ditugu, gorputzaren osotasunaren barnean. Gure gorputzak kaptore ezberdinen bidez (oinak, begiak, ahoa, erraiak, etb.) jasotzen du kanpoko informazioa eta funtsezkoa da horien guztien arteko elkarlana eta oreka. Kaptoreetako batek huts egingo balu, desoreka eragin eta gorputz guztira hedatuko lirateke ondorioak. Horregatik da hain garrantzitsua azterketa postural bat egin eta pazientearen egoera ondo aztertzea. Arazoa oinetatik datorrenean, plantilla bidez egiten da tratamendua, eta azterketak bestelako kaptoreren bat azaleratzen badu, beste profesional batengana bideratzen da».
Azkenik, Fernandezek dio oso onuragarria dela bezeroarekin gertuko harremana mantentzea, eta podologiaren munduan murgilduta egonik, diziplina horretan izaten diren aldaketetara moldatu eta egokitzea. «Ni neu etengabeko formakuntzan nabil, eskaintzen ditudan zerbitzuak hobetu eta zabaltzeko asmoz, eta hala, behar horietarako puntako makineria edukitzen saiatzen naiz. Horren adibide da erosi berri dudan laser makina. Erabiltzen ikasi ostean, tratamendu berriak eskaini ahal izango ditut, eta horrek, lehen motelago senda nitzakeen gaitz batzuen osatze prozesua azkartzen lagunduko dit», dio.