Mikel AGINAGALDE

Produktu ekologikoak, gero eta etxe gehiagotan

Hernaniko Gardanbera dendako Lander Etxeberriak dioenez, bezero askok erosten ditu elikagai ekologikoak prebentziorako asmoarekin, baina beste askok gaitz bat pairatu ondoren erabakitzen du bide horri ekitea

Andoni CANELLADA | FOKU
Andoni CANELLADA | FOKU

Lander Etxeberria billabonatarrak duela sei urte ireki zuen Hernaniko Gardanbera produktu ekologikoen denda. Hala ere, askoz lehenagotik izan du harremana mundu horrekin; izan ere, haren amak 40 urte eman ditu sektore honetan, hura izanik Gipuzkoan gisa horretako denda bat zabaltzen lehenetarikoa. Elikagai ekologikoen merkatuaren inguruan, koronabirusak azkenaldian sortutako egoeraren inguruan eta beste hainbat gairi buruz mintzatu zaigu Etxeberria.
Zaila da Gardanberan saltzen  diren produktu guztiak zerrendatzea, denetik eskaintzen dute eta. Etxeberriak, hala ere, hiru atal nagusitan bereizten ditu salgaiak: elikadura ekologikoko produktuak, elikadura osagarriak eta kosmetika naturaleko produktuak, alegia. Horien artean aurkitzen dira, besteak beste, belarrak, infusioak, mota ezberdinetako olioak, oparitarako txartelak, haziekin eginiko kuxinak, eta abar, eta abar. Halaber, fruta, lekale eta barazki ekologikoak ere saltzen dituzte eta arrakasta itzela dutela ziurtatu digu dendako jabeak.
Hala ere, propolia, erregina jelea, zerealak, mota eta jatorri askotako haziak eta tofuzko hanburgesak omen dira arrakasta gehien duten produktuak, Etxeberriaren esanetan. Horrez gain, graneleko produktuek eta elikagai freskoek ere gero eta harrera hobea daukate, eta gero eta gehiago erosten dituzte bezeroek. Batetik, jasangarriagoak direlako, eta bestetik, erosketa merkeagoa ateratzen delako.

Askotarikoak eta kalitatezkoak
Bezeroaren profilari erreparatuz gero, esan beharra dago dendara gerturatzen diren bezeroen artean gazteak, helduak eta adinekoak egonik ere, haurdun dauden emakumeak edo horien senideak gero eta ugariagoak direla. Izan ere, haiek dira, orobat, ondo elikatzearen garrantziaren inguruan kontzientzia handienetakoa daukatenak.
Produktu ekologikoen eskariak azkenaldian izan duen gorakada apartaren inguruan, Lander Etxeberriak uste du hainbat arrazoi daudela horretarako: «Nik uste dut, batetik, gugana etortzen diren pertsonen gehiengoak ondo baino hobeto dakiela produktu ekologikoek bestelako produktuek baino errazago gorde eta aprobetxatzen dituztela euren gorputzek behar dituzten nutrienteak. Eta bestetik, jende horrek asko baloratzen duela saltzen ditugun produktuak bertakoak izatea, nahiz eta horietako asko eta asko urrutiko herrialdeetatik inportatutakoak izan».

Epe luzera, merkeago
Prezioari dagokionez, berriz, Etxeberriak dio elikagai ekologikoak hasiera batean garestiagoak izan daitezkeela asetze ikuspuntu batetik begiratuz gero. Dena den, epe luzera pertsonaren osasunak eskertzen duela, eta halaber, errentagarriagoa ere izaten dela irizten dio. Izan ere, produktu ekologikoek ez dituzte supermerkatu handietan aurki ditzakegun produktuek jasan behar izaten dituzten prozesu kimikoak pasatzen, oro har.
Bezero askok erosten ditu elikagai ekologikoak prebentziorako asmoarekin, baina beste askok gaitz bat pairatu ondoren erabakitzen du bide horri ekitea. Hala, azkenaldiko koronabirusaren auziarekin dendan lan handiagoa dutela ere nabaritu du Etxeberriak. Haren arabera, egoera honetan bezero gehiago izatearen arrazoiak hainbat izan daitezke: «Horietako bat da supermerkatu handiak jendez gainezka egonik produktuak eskasian daudela, eta halaber, pertsona andanak gaixotasunetik babesteko euren sistema immunologikoa sendotzeko kontsumitzen dituela produktu horiek».