GAUR8

Ixa ikerketa-taldeak adimen artifiziala aplikatu du Covid-19ren aurka

Estatu Batuetako Gobernuak bultzatutako Covid-19 gaixotasunaren inguruan antolatutako adimen artifizialeko txapelketan saria jaso du Ixa ikerketa-taldeak.

Saria lortu duen lantaldea
Saria lortu duen lantaldea

AEBetako Gobernuak antolatutako Cord-19 txapelketan antolatzaileek Covid-19, Sars-CoV-2 eta beste koronabirus batzuei buruzko 60.000 artikulu zientifiko inguru jarri dituzte eskuragarri munduko ikerketa-komunitatearentzat. Sistemak biltzen dituen 60.000 artikulu horien artean, seiren bat 2020 urtekoak dira. Hartara, koronabirusari buruzko ia 100 artikulu argitaratzen dira egunero batez beste. Zientzialariek ez dute horiek denak irakurtzeko gaitasunik eta hortik dator txapelketako antolatzaileek adimen artifizialeko ikertzaileei egindako ekintzarako deia: hizkuntzaren prozesamenduan berriki egin diren aurrerapenak aplikatzeko eskatu die, Covid-19 gaixotasunaren aurka borrokan ari diren zientzialariei laguntzeko. Helburua, hauxe: literatura zientifiko horretan lagungarri zaien informazioa ahalik eta errazen bilatzen laguntzea.

Txapelketaren lehen fasean ehunka parte-hartzaile izan dira eta hamar sari banatu dituzte. Horietako bat irabazi du HiTZ zentroko Ixa taldean garatutako sistemak. Sistemaren garapenean Euskal Herriko Unibertsitateko Arantxa Otegi eta Jon Ander Campos ikertzaileek eta Eneko Agirre eta Aitor Soroa irakasleek hartu dute parte.

Gehiegizko informazioa gutxitzea

Saritutako sistema hilabete eskasean garatu zen. «Taldearen barruan garatutako teknologiak erabiltzen ditu, hizkuntza naturalean egindako galderei erantzuteko eta erantzun posibleak dokumentu askotan bilatzeko sare neuronalak entrenatzeko aukera ematen dutenak. Gainera, txapelketa honetarako garatutako sistema gai da bere burua ebaluatzeko eta erantzunik ez emateko baldin eta ziur ez badago erantzuna zuzena dela». Aitor Soroa irakaslearen hitzetan, hori da sistemaren gakoetako bat, «horrela gehiegizko informazioa gutxitzen baita».

Ixa ikerketa-taldeak garatutako sistemak Covid-19 gaixotasuna eta Sars-CoV-2 birusaren inguruan adituek dituzten lehentasunezko galderen erantzunak bilatzen ditu aipatutako artikulu zientifiko horiek aztertuz. Sistema hau erabilgarria da, besteak beste, koronabirusaren historiaren, birusaren kutsatze eta diagnostikoaren, gizakien eta animalien arteko ukipenean hartu beharreko prebentzio-neurrien eta aurretik egindako azterketa epidemiologikoetako ikasbideen inguruko galderen erantzunak aurkitzeko.
 
«Sari hori —dio Jon Ander Campos doktoratu aurreko ikertzaileak— Ixa taldearen barruan hizkuntzaren prozesamendurako adimen artifizialaren erabileran egindako lanaren aitorpena da». Eneko Agirre irakasleak gaineratu duenez, «etengabe sortzen den informazio-kantitate handiari aurre egiteko hizkuntzaren prozesamendurako sistemek duten garrantziaren froga da».