GAUR8

Ekainberri, hurrengo asteartetik aurrera bisitariak hartzeko prest

Ekainberrik ateak zabalduko ditu berriz ekainean, garbitasun neurriekin eta instalazioak baldintza berrietara egokituta, «bisitariek segurtasunez disfruta dezaten». Irailera arte, asteartetik igandera egongo da zabalik, 10.00etan hasi eta 19.00ak arteko ordutegian.

Ekainberrin ikusgai dauden zaldien irudi ezagunak, artxiboko argazkian.(Jon URBE/FOKU)
Ekainberrin ikusgai dauden zaldien irudi ezagunak, artxiboko argazkian.(Jon URBE/FOKU)

Osasun larrialdiak eragindako derrigorrezko geldialdiaren ostean, ekainean ateak berriz irekiko dituela iragarri du Ekainberrik. Goizeko 10.00etatik arratsaldeko 19.00ak arteko ordutegian bisitatu ahal izango da, garbitasun neurri bereziekin eta instalazioak baldintza berrietara egokituta, bisitaldiak segurtasunez gozatzeko.

UNESCOk Munduko ondare izendatutako Euskal Kostaldeko labar-pintura ikusgarrienez gozatzeko egonaldiak berreskuratzeko, Zestoako ondare zentroa «agintariek zehazten dituzten jarraibideetara egokitu» dela zehaztu dute.

Horrela, Ekain Fast bisita gidatu bakoitzean atenditu dezaketen bisitari kopurua 10 lagunetara mugatu behar izan dutela azaldu dute, «gutxieneko segurtasun tartea» bermatzeko.

Aldaketak ohiko eskaintzan

Ekainberritik nabarmendu dutenez, Leroi-Gourhan arkeologo eta historialariaren hitzetan «Kuaternarioko arte guztian, zaldi multzorik ederrena» dena bisitatzeko ordubete irauten duten bisitek gehienez ere 10 lagun hartuko dituzte, orduero.

Era berean, arkeologia esperimentaleko tailerrak biltzen dituen Ekain Abentura zerbitzua momentuz ezin izango dute eskaini, ezta Lili Jauregiko “Lilitarren Ohorea” antzezlana ere. Hala ere, azken hau uztailean berreskuratzeko prest egongo dela iragarri dute.

«Garbitasun zerbitzua berrindartu da eta bisitariek gaur egungo garbitasun baldintzetara egokitutako gune bat bisitatzen duten bermea» izango dutela nabarmendu dute Zestoako zentrotik.

Erreserbak egiteko, sarrerak webgunean erostea gomendatzen dute, baina bulegoan ere eros daitezkeela ohartarazi dute, telefonoz eta info@ekainberri.com posta elektronikoaren bidez harremanetan jarriz.