GAUR8

Basque Culinary Centerrek 1.000 menu dastatzera gonbidatu ditu osasungintzako langileak

Covid-19aren krisialdian egin duten lana eskertzeko, Basque Culinary Centerrek bertako ikasleek prestatutako 1.000 menu doan dastatzeko aukera eskainiko die osasungintzako langileei irailaren 3tik 25era. Erreserbak gaurtik aurrera egin daitezke, gehienez lau mahaikiderentzat, «osasuna@bculinary.com» helbidera idatzita, «lanpostua, unitatea eta lekua» zehaztuz.

BCCk eta enpresa laguntzaileek bultzatzen duten ekimenaren kartela. (BCC)
BCCk eta enpresa laguntzaileek bultzatzen duten ekimenaren kartela. (BCC)

«Covid-19aren aurka lehen lerroan borrokatzen ari diren osasun-langileei eskerrak emateko» doako menuak eskainiko ditu Basque Culinary Centerrek irailaren 3tik 25era. Prestakuntza-programaren barruan dago ekimena eta graduko lehen mailako ikasleek kozinatutako platerak izango dira dastatuko dituztenak. Erreserbak egiteko epea gaur bertan zabalduko dute.

Parte hartzeko osasungintzako langileek mezua bidali behar dute «osasuna@bculinary.com» helbide elektronikora. Gehienez lau mahaikiderentzako erreserbak onartuko dira, eta hauek baieztatzeko beharrezkoa da parte hartuko duten lagun guztien informazioa bidaltzea. Zehazki, mahaikide bakoitzaren «lanpostua, unitatea eta lekua» eskatzen da.

Argitu dutenez, eskaera mezua jasotakoan, erakundetik «lehenbailehen» jarriko dira bidaltzailearekin harremanetan, «data, ordua eta kopurua baieztatzeko».

Menuak eta enpresa laguntzaileak

Irailaren 3tik 25era dastatu ahal izango dituzte menuak. Aurreratutakoaren arabera, «eguneroko menuan, lehenengo arrain, haragi eta postre bat aukeratu» ahal izango dituzte.

Ordutegia ere zehaztu dute, astelehenetik ostiralera izango da 13.15etik 14.30era, eta ohartarazi dutenez, establezimendua 16.00etan itxiko da, «tailer praktikoaren kontzeptua eta ikasleen eskola jardunaldia» kontuan hartuta.

Basque Culinary Centerrek azaldu du ekimena zenbait enpresa laguntzailek ahalbidetu dutela, Baque, Bodegas Valdemar, Giraldo, Insalus, Covap, Eroski, Mahou San Miguel eta Martiko kasu.