GAUR8

Euskara Satorrak euskara ikasteko podcast berria du sarean

Youtubera euskara ikasteko ehun bideo baino gehiago igo ondoren, Euskara Satorrak podcast berria du sarean. Audio formatuko eskaintza berria «Euskara Satorra Podcast» izeneko Youtube kanal berrian eta Ivoxx eta Spotify plataformetan eskura daiteke doan.

Euskara Satorra eskaintzaren proposamenetako bat irudian. (Gaur8)
Euskara Satorra eskaintzaren proposamenetako bat irudian. (Gaur8)

“50 esaldi euskaraz” bezalako Youtubeko bideo ezagunekin batera Euskara Satorrak euskara ikasteko bide berriak jarri ditu publikoaren eskuetan, oraingoan audio formatoan. Podcast berriak entzungai daude «Euskara Satorra Podcast» izeneko Youtube kanal berrian eta Ivoxx eta Spotify plataformetan. Lehen hiru atalak entzungai dira ikastaroarekin hasi nahi duenarentzat.

Orain arte bideoak izan dira Euskara Satorraren proposamen nagusiak. Youtubera ehun bideo baino gehiago igo ondoren, orain audioak dira euskara doan ikasteko proposamen berriak.

Beñat Erezuma proiektuaren bultzatzailea da. Azaldu duenez, 18.000 harpidedunen langa gainditu du jada Youtubeko kanalak eta «egunero milaka dira euskara ikasteko bideoak kontsumitzen dituzten ikusleak». «Orain, aldiz, audioen bitartez eta doan edonork edonon jarraitu ahal izango du zerotik hasiko den euskara ikastaroa», gaineratu du.

Oinarrizko komunikazioa

Euskara Satorraren eskaintzan euskaraz oinarrizko elkarrizketak mantentzeko edukiak aurkitzen ditu erabiltzaileak. Euskararen erabilera eta ezagutza bultzatzea helburu duen egitasmoa 2016an jarri zuen martxan Erezumak, euskarazko 50 esaldi biltzen zituen lehen bideo batekin.

Proiektuaren egileak nabarmentzen duenez, publikoa euskara erakartzea bilatzen duten hainbat proiektutan murgildu da azken urteetan eta hizkuntza ikasteko kanala sortzearena horietako azkena da. Adierazten duenez, «nahia, gogoa eta ondo pasatzea» dira erronka honen buruan jartzera eraman duten osagai nagusiak, baita erabiltzaileen interesa piztu dutela baieztatzea ere.