GAUR8

EHUren ekarpenak «Baserritik Mahaira» proposamenari, elikaduran eragin nahi duen europar estrategia

Europak “Baserritik mahaira” elikadura sistema osasuntsua eta ingurumenarekiko errespetuzko eredu bat lortzeko estrategia argitaratu berri du. Ikerketa zentro eta arlo akademikoko hainbat adituk, tartean EHUko bi ikertzailek, proposamena aztertu eta ekarpenak helarazi dizkiote Europar Batzordeari. Agroekologia eta abeltzaintza estentsiboaren garrantzia nabarmentzen dute, besteak beste.

Irudian, baserritar bat Bilboko Areatzako azokan. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Irudian, baserritar bat Bilboko Areatzako azokan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

”Baserritik mahaira" (Farm-to-Fork, ingeleraz) Europako “Itun Berdea” estrategiaren «muinean» dago eta helburua «bidezko elikadura sistemak, osasuntsuak eta ingurumenarekiko errespetua dutenak» lortzea da, azaldu du EHUk ohar batean. Gaineratu duenez, dokumentuak «puntu positibo asko» ditu baina «kezkak» ere sortu ditu, eta horregatik, hainbat unibertsitate eta ikerketa guneetako 23 akademikok, tartean Mirene Begiristain eta Goiuri Alberdi EHUko ikertzaileek, ekarpenak bildu dituzte gutun batean eta Europar Batzordeko Timmermans lehendakari-ordeari helarazi dizkiote.

Estrategiak 2023rako elikadura-sistema jasangarrietara aldaketak egiteko lege-esparru bat garatzeko proposamen lotesleak biltzen ditu. Ikertzaileek oso positiboki baloratzen dute, esaterako, «elikadura-sistemen ikuspegi integrala aintzat» hartu izana eta «pestizida kimikoei, ongarriei, nekazaritza organikoari eta erresistentzia antimikrobianoari buruzko helburuak» jasotzea.

Alderdi positiboak onartuta, «horiek zaharkitutako esparru batean integratuta» daudela ohartarazi dute ikertzaileek eta «hazkunde ekonomikoaren paradigmatik haratago joan behar dela» uste dute.

Ekoizpen industrialaren efektu negatiboak

Arlo akademikoko 23 adituek Europar Batzordeari helarazi dizkioten kezken artean «egungo elikagai-ekoizpen industrial ereduaren efektu negatiboak aintzat hartzen» ez dituela aipatzen dute. Zehazten dutenez, dokumentuak «ez ditu beste ekoizpen eredu batzuk nabarmentzen, agroekologia kasu», frogatuta gelditu den arren «iraunkortasunaren bidean eraginkorra dela».

Era berean, abeltzaintza estentsibo baten aldeko apusturik jasotzen ez duela-eta azaltzen dute kezka eta gogoratzen dute eredu intentsiboa ez datorrela bat ingurumenaren aldetik eta elikadura osasuntsu baten ikuspuntutik ezarritako helburuekin.

«Hornidura-kate alternatiboen aipamen eza», ogibidean «sartu berri diren ekoizleen beharrak aipatzen ez dituela» edota «lurraren eskasia», kostuak eta «landa inguruneko nekazaritza errelebo falta» bezalako erronkak kontuan hartzen ez direla azaltzen dute.

EHUtik zehaztu dutenez, gutunean «elikagaien kontsumoa, gobernantza ereduak, elikadura ekoizpen inguruko eskubideak eta ikerketa eta berrikuntza arloak» ere jorratu dituzte.