GAUR8

600 kilometro bizikletaz haurren minbizia ageriko egiteko

 #AgertxoPirata kirol-erronka solidarioa da, Berriatuako txirrindulari eta Helmugak taldeko kide Ander Txakartegi Basterretxea “Txaka”-k sustatu duena. Uztailaren 25 eta 26 bitartean, Berriatuatik Berriatuara, 600 kilometro lotuko ditu Euskal Herrian barna.

Asteburuko egitaraua
Asteburuko egitaraua

Uztailaren 25ean, goizeko 9.00etan, Berriatuatik abiatuko da Ander Txakartegi Basterretxea “Txaka”. Helmugak taldeko txirrindularia da eta 600 kilometroko eta 32 bat orduko ibilaldi berezia osatuko du asteburuan, Euskal Herriko zazpi hiriburuak bisitatuz eta kostalde osoa zeharkatuz. #AgertxoPirata izeneko kirol-erronkak helburu soziala eta elkartasunekoa du: haurren minbizia ageriko egitea.Duela bi urte leuzemia diagnostikatu zioten Ager Aldazabal Gestoso Berriatuako umeari, hortik erronka solidarioaren izena. Agerri eta bere familiari elkartasuna adierazteaz gain, Aspanovas Elkarteari eskerrak ematea eta laguntzeko dirua biltzea ere bada helburua.

Txirrindulariak esan duenez, «erronka burutzea ez da erraza izango, baina jasotako adore eta laguntzarekin helmugara iristeko energia nahikoa eramango dut nirekin. Iristean, jendeak ongietorria egingo du, eta omenaldia egingo zaio Ageri, jakina, segurtasun neurri guztiekin».

Uztailaren 26an, festa
Esanda bezala, Ander Txakartegi uztailaren 25ean abiatuko da eta espero da hurrengo egunean Berriatuan bueltan izatea, geldialdirik gabeko bere ibilaldia amaituta. Hartara, uztailaren 26an festatxoa antolatu dute Berriatuan, txirrindulariari ongietorria egiteko eta Aspanovas elkartearen alde dirua biltzeko. Goizeko 11.30etatik aurrera jolasak izango dira haurrentzat eta ondoren herri kirolen saioak. Parrillada eder batekin amaituko da erronka solidarioa.

#AgertxoPirata ekimena Aspanovas Bizkaiko haur eta nerabe minbizidunen gurasoen elkarteari eskerrak emateko modua da, Ager Aldazabal Gestoso familiaren ekimenez, semeak tratamendua jaso duen eta ospitaleratuta egon den bitartean hartutako laguntza eta zainketengatik.