GAUR8

Haurtzaroan fruta eta barazki kontsumoa sustatzeko interbentzio programa

UPV/EHUko María Arrizabalaga Lópezen ikerketak interbentzio programa bat garatu zuen ikasleak fruta eta barazkiak jatera bultzatzeko. Jokabidearen determinatzaileak baliatzea lagungarria izan zen 8 eta 10 urte bitarteko ikasleek elikagai horiek are gehiago jan zitzaten.

Haur bat sagar bat jaten.
Haur bat sagar bat jaten.

Zenbait azterketak frogatu dute haurtzaroan barneratutako ohiturei helduaroan eutsi egin ohi zaiela; hori horrela izanik, arrazoizkoa dirudi ahalegina egin behar dela umeen eta nerabeen artean bizitza eta elikadura ohitura osasungarriak sustatzeko, pertsona osasuntsu eta, gainera, etorkizunean, heldu osasuntsu izan daitezen. Frutak eta barazkiak, zehazki, osasungarritzat jo dira mundu osoan, eta ebidentzia zientifikoak ere babesten du hori. Frogatu da babestu egiten dutela zenbait gaixotasunetatik eta osasun arazo handi batzuetatik; batez ere, herrialde garatuetan.

Agerikoa da, hortaz, fruten eta barazkien kontsumo egokia beharrezkoa dela osasuna ziurtatzeko, baina, azken hamarkadetan, bizi ohituren bilakaeraren ondorioz, gomendioak betetzetik urruti dago elikagai talde horien kontsumoa, hala haurren nola helduen artean. Joera hori borrokatzeko, fruten eta barazkien kontsumoa sustatzen duten estrategiak landu edo taxutu beharra dago. Bide horretan, María Arrizabalaga Lópezek aurkeztu berri duen tesiaren helburu nagusia izan da interbentzio programa eraginkor bat sortzea nutrizio heziketan oinarrituta. Lan horretan frogatu da portaeraren determinatzaileetan oinarrituta 8 eta 10 urte arteko ikasleen artean fruten eta barazkien kontsumoa sustatzeko estrategiak diseina daitezkeela eta funtzionatu egiten dutela.

Jokabide Planifikatuaren Teoria

Proposatutako helburua lortzeko, ikasleak bi taldetan banatu zituzten; kontrol talde bat eta interbentzio talde bat. Interbentzio taldeak PROFRUVE interbentzio programa jaso zuen ikasturte batean: ordubeteko saioa 15 egunean behin (14 saio guztira), diziplina anitzeko lantalde batek portaeraren determinatzaileetan oinarriturik berariaz diseinatua. Zehazki, Jokabide Planifikatuaren Teoria erabili zen (Theory of Planned Behavior edo TPB, ingelesez) programa diseinatzeko orduan, eraginkorragoa izan zedin.

Interbentzioaegin ondoren, 8 eta 10 urte bitarteko ikasleen artean fruten eta barazkien kontsumoa handitzeko diseinatutako programa eraginkorra izan zela ondorioztatu zen. Interbentzio taldeak egunean fruta eta barazki errazio erdi bat gehiago jaten zuen interbentzioa bukatu berritan. Kontrol taldeak (programa jaso ez zuena), ordea, ez zuen kontsumoa aldatu. PROFRUVE programa jaso zuten umeek egunean jaten zuten errazio erdi gehiago horri eutsi zioten, gainera, programa bukatu eta urtebeteren buruan. Azken hori garrantzitsua da, programa gutxik lortu baitute kontsumoaren gehikuntzari epe luzera eustea, eta horrek adieraz lezake ikasleen etxeko elikadura ohituretan eragitea lortu dela programa horri esker, eta hasieran baino fruta eta barazki gehiago jatea, interbentzioa amaituta ere.